Gizartea -
Erasoa
Aurrekari arrazistak dituen gizon batek hiru lagun hil egin ditu Pariseko zentro kurdu batean
Gainera, beste pertsona bat oso larri dago, eta beste bi zauritu, ez hain larri. Erasotzailea, zaurituta bera ere, atxilotu egin dute. Frantziako Gobernuaren arabera, erasotzailearen helburua "atzerritarrak" hil egitea zen, baina ez dago argi hain zuzen kurduak zituen jomugan.
EITB MEDIA
Eraso arrazistak egiteagatik aurrekariak zituen 69 urteko gizon batek hiru pertsona hil ditu Parisen, kultura zentro kurdu baten aurrean. Gainera, beste pertsona bat oso larri dago, eta beste bi herritar zauritu dira, ez hain larri. Erasotzailea, zaurituta bera ere, atxilotu egin dute, eta ospitaleratu ere. Frantziako Gobernuaren esanetan, erasotzailearen helburua "atzerritarrak" hil egitea zen, baina ez dago argi hain zuzen kurduak zituen jomugan.
Tiroketa Enghien kaleko kultura zentro kurdu baten aurrean izan da, Frantziako hiriburuko 10. barrutian. Parisko fiskal Laure Beccauren arabera, atxilotuaren azken polizia aurrekaria 2021eko amaierakoa da; orduan, Parisko 12. barrutian, kanpadenda batzuei eraso zien, sable batez. Kanpadenda horietan migratzaile batzuk zeuden lotan.
Gerald Darmanin Frantziako Gobernuko Barne ministroak adierazi duenez, tiroketaren egilearen helburua atzerritarrak hil egitea zen; ziurtatu du, baina, oraingoz ez dagoela baieztatzerik kurdu jatorrikoak zituen jomugan: "Badirudi bakarrean ibili dela", azaldu du, eta gehitu du atxilotua ez zegoela fitxatuta eskuin muturreko erradikalizazioa izateagatik, eta ez zegoela ideologia horretako talderen bateko kiderik. Tiroko kirol klub batean zebilen, eta arma batzuk zituen.
Darmaninek iragarri duenez, Frantziako zentro kurduen gaineko zaintza areagotuko dute, eta aztertu egingo dute erkidego horren kontrako aparteko mehatxurik dagoen; esan du ez dutela horrelakorik antzeman. Zaintza handituta zuten, urte bukaerako jaiengatik, hainbat tokitan.
Darmaninen prentsaurrekoa amaitu eta berehala, gertakariak jazo diren tokian bertan, kurdu batzuen manifestazioa hasi da, eta jaurtigailuak bota dizkiete segurtasun indarrei. Frantziako Barne ministroak doluminak agertu dizkio komunitate kurduari.
Kultura zentroan bi pertsona hil dira, eta hirugarrena gertu dagoen jatetxe batean. Poliziak lehen deia jaso eta 15 minutura atxilotu dute gizona. Ikerketa hilketagatik eta hilketa saiakeragatik, nahita egindako indarkeriazko ekintzengatik eta armak izatearen gaineko legea urratzeagatik ari dira gauzatzen, zehaztu du Beccau fiskalak.
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Ahmet Kaya kulturgune kurduaren aurkako erasoa gaitzetsi du. "Frantziako kurduak eraso gorrotagarri baten helburua izan dira Pariseko bihotzean", deitoratu du Frantziako presidenteak Twitterren argitaratutako mezu batean.
Kurduek "atentatu terrorista" baten biktimak direla uste dute
Frantziako komunitate kurduak ez du bertsio ofiziala sinesten eta hildakoak "atentatu terrorista" baten biktimak izan direla uste du. Frantziako Kontseilu Demokratiko Kurduko (CDKF) kideek Parisen egindako prentsaurreko batean adierazi dutenez, "hilketa politikoak" dira.
Kurduen Kontseilu Demokratikoak, Frantzia osoko kurduen diasporako 24 elkarte biltzen dituenak, manifestazioa deitu du larunbaterako Parisen, erasoa gaitzesteko.