Gizartea -

''Bai bakarrik da bai'' legea

Zigorrak berrikustea "derrigorrezkoa" da, dio Auzitegi Gorenak, "Bai bakarrik da bai" legearekin

Arandinako bi jokalari ohiren kontrako zigorra ezartzen duen epaia argitaratu du Auzitegi Gorenak. Fiskaltzak hamar urteko zigorra eskatzen zuen, baina zigorra bederatzi urtekoa da; Gorenaren iritziz, errudunarentzako mesedegarriena den araua ezarri behar da, alegia, "Bai bakarrik da bai" legea.

Gorenak dio zigorrak berrikustea "derrigorrezkoa" dela, "Bai bakarrik da bai" legearekin (EFE).
Gorenak dio zigorrak berrikustea "derrigorrezkoa" dela, "Bai bakarrik da bai" legearekin (EFE).
Gorenak dio zigorrak berrikustea "derrigorrezkoa" dela, "Bai bakarrik da bai" legearekin (EFE).

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Gorenak argi utzi duenez, "derrigorrezkoa" da zigorrak berrikustea, sexu delituetan, kontuan izanik "Bai bakarrik da bai" legea indarrean dagoela; izan ere, lege hori "mesedegarriagoa" da errudunarentzat, eta zigorrak berresteak dakar errudunarentzako mesedegarriena den legea ezartzearen atzeraeragina ezartzea. Hala, Gorenak Arandina futbol taldeko bi jokalari ohiren kontrako zigorra ezartzen duen epaia argitaratu du. 2017an, sexu erasoa egin zioten adingabe bati, eta Fiskaltzak hamar urteko zigorra eskatzen zuen, baina zigorra bederatzi urtekoa da; Gorenaren iritziz, errudunarentzako mesedegarriena den araua ezarri behar da, alegia, "Bai bakarrik da bai" legea.

Epaian (azaroaren 29an aurreratu zuten hori), Gorenak aintzat hartu du Ministerio Publikoaren helegitea, eta biktimaren eta auzipetuen arteko adin hurbiltasunaren aringarria kendu du; Gaztela eta Leongo Justizia Auzitegi Nagusiak ezarria zuen aringarri hori. Dena dela, epaiak ez ditu ezarri Fiskaltzak eskatutako hamar urteak, "Bai bakarrik da bai" legeak bederatzi urte ezartzea ahalbidetzen duelako.

Lege horri dagokionez, alegia, Sexu Askatasunaren Berme Integraleko Legeari dagokionez, Gorenak dio "derrigorrezkoa" dela zigorra testu berrira egokitzea, "errudunarentzako mesedegarriena den zigor legearen atzeraeragina ezartze aldera; geroko legea mesedegarriagoa balitz, hemen gertatzen denez, hala egin behar da". Argi utzi du, halaber, horrek, gauzatze fasean dauden zigorrei ez ezik, beste hauei ere eragiten diela: epai diktaketa fasean daudenei eta epaiketaren amaieran daudenei, apelazio edo kasazio errekurtsoetako fasean daudenei. "Lege berriaren arabera, aztertu beharko da ezartzeko moduko zigorra mesedegarriagoa izan litekeen".

Horregatik, Arandina Auzian "orain ezarritako zigorra erruduntasunaren proportzionaltasuna ezartzeko moduko zigorrera egokitzearen ondorioa da".

Arlo teknikoago batean, epaiak azaltzen du gertakariak, arau berria indarrean dagoela, 16 urteko adingabe bati egindako sexu eraso delitua direla, kopulazioagatik. Aurreko arauarekin, zigorra 8 eta 12 urte artekoa izan zitekeen goi erdian, hau da, 10-12 urtekoa; orain, zigorra 6 eta 12 urte bitartekora murriztu egin da goi erdian, alegia, 9 eta 12 urte artekoa, gehienez.

Gorenaren esanetan, Fiskaltza saiatu zen gutxieneko zigorra ezartzen, orduan 10 urtekoa, baina kontua da orain gutxieneko zigor hori 9 urtekoa dela. Hori da ezarri dutena.

Angel Luis Hurtado magistratuaren boto partikularra du epaiak. Horren iritziz, auzipetuen eta biktimaren arteko adin gertutasunaren aringarriari eutsi behar zioten. Hala ere, ados dago gainerako magistratuekin, eta uste du arau berria hartu behar dutela kontuan, errudunarentzat mesedegarriagoa baita. Honakoa ohartarazi du: "Hemendik aurrera, legegileak erabaki badu jokabide bateko zigorra, ez du ematen koherentea denik nahi horren aurka egiteko moduen bila ibiltzea. Errudunak ez du zertan jarraitu pairatzen arau berri horrekin bat ez doazen ondoriorik".

"Lege aginduagatik, arau berrira egokitu beharko da, eta zigorra bereizi, baldin eta mesedegarriagoa bada", ondorioztatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Espainian Delituak azken ordukoa Epaiketak albisteak Gizartea Sexu-abusuen biktimak gaur Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa