Gizartea -
Legazpi
Adingabe bat larri, bizikletako frenoak moztuta pareta jo zuelako
ETBk jakin ahal izan duenez, Gipuzkoako fiskaltzak diligentziak ireki ditu Legazpiko bi adingaberen aurka. Lesio delitu bat leporatzen diete, 14 urteko adiskideari eragindako kalteengatik.
Erredakzioa
14 urteko mutiko bat larri zauritu da Legazpin (Gipuzkoa). Bizikletako frenoak moztu zizkioten mutikoari eta aldapan behera jaitsi eta pareta bat jo zuen.
ETBk jakin duenez, Gipuzkoako Fiskaltzak diligentziak ireki ditu Legazpiko bi adin txikikoren aurka. Lesio delitu bat leporatzen diete, 14 urteko adiskideari eragindako kalteengatik.
Ostiralean gertatu zen ezbeharra, Legazpin. Antza, mutikoek bizikletako frenoak moztu zizkioten lagunari, eta hau aldapa handiko errepidetik abiatu zen.
Pareta baten kontra talka egin eta kolpe handia hartu zuen buruan. Harrezkeroztik oso larri dago Donostiako ospitalean.
Lesio delitua leporatu diete 14 urteko bi mutilei. Ez da argitu koakziorik egon zen ala ez. Datozen egunetan deklaratu beharko dute fiskalaren aurrean.