Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Gizon bat espetxeratu dute emakume bati sexu-erasoa egiteagatik, Gasteizen
Gizonak jazarri egin zuen emakumezkoa eta gainera bota zitzaion etxeko atarira iritsi zirenean. Gasteizko alkateak sexu-erasoa gaitzetsi du, eta Udalaren Bozeramaileen Batzordea deitu du.
agentziak | eitb media
36 urteko gizonezko bat espetxeratu dute Gasteizen emakume bati sexu-erasoa egiteagatik eta emakumearen bikotekidea, defendatzera joan zena, jotzeagatik.
Gertakaria larunbat goizaldean izan zen Arabako hiriburuan, goizaldeko lau eta erdiak aldera. Gizonak emakumea jazarri zuen eta gainera bota zitzaion etxeko atarira iritsi zirenean. Bertan egin zion sexu-erasoa.
Emakumearen oihuen ondorioz, haren bikotekidea ohartu egin zen eta erasotzailea Ertzaintza iritsi arte atxikitzea lortu zuen.
Sexu-erasoa eta lesioak leporatuta atxilotu zuten gizonezkoa, eta epaileak espetxeratzeko agindua eman du.
Gorka Urtaran Gasteizko alkateak sexu-erasoa irmo gaitzetsi du Twitter bidez, eta aurreratu du Gasteizko Udalaren Bozeramaileen Batzordea deitu duela, talde politiko guztiek "erasoa gaitzetsi eta biktima babestu ditzaten".