Gizartea -

EPAIA

8 urteko kartzela zigorra Pilar Arbuloren heriotzagatik akusatutako bientzat

75 urteko emakumea Gasteizen hil zen bi gizonek lapurreta egin ostean emandako jipoiaren ondorioz. Herri epaimahaiak ebatzi zuen homizidioa izan zela, ez hilketa.

Epaiketaren une bat. Artxiboko argazkia: EFE
Epaiketaren une bat.
Epaiketaren une bat. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako Probintzia Auzitegiak zortzi urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri die Pilar Arbuloren heriotzagatik akusatutako bi gizonei. 75 urteko Gasteizko emakumea 2019ko maiatzaren 14an hil zen bi gizonek lapurreta egin ostean emandako jipoiaren ondorioz. Erasoa maiatzaren 12an gertatu zen, eta emakumea handik bi egunera hil zen.

Herri epaimahaiak homizidioa izan zela ebatzi zuen, eta ez, hilketa. Horren arabera, bi akusatuek lesioak eragin zizkioten emakumeari zorroan zeramatzan 120 euroak lapurtzeko, baina ez zuten hura hiltzeko asmorik. Indarkeriaz egindako lapurreta delitua ere egotzi zien bi gizonei.

Epaileak lau urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio akusatuetako bakoitzari zuhurtziagabekeriaz egindako giza hilketagatik eta azpikeriaz egindako lesio delituengatik, eta beste lau urte, indarkeriaz egindako lapurreta delituagatik. Dena den, hilketa delitutik absolbitu ditu bi akusatuak.

Bestalde, biek ala biek 30.000 euroko kalte ordaina eman beharko diete hildakoaren senideei.

Epaiari helegitea aurkez dakioke EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Delituak Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Erailketak