Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Espetxean sartu dute Galdakaon bikotekidearen etxean sutea eragin zuen gizona
Biktimak maiz jasaten zituen tratu txarrak. Ezbeharra asteazken goizaldean gertatu zen, eztabaida latz baten ondoren, emakumea lotara joan zela aprobetxatuz, gizonak etxebizitzako gela batean sua piztu, eta alde egin zuenean.
EITB MEDIA
38 urteko gizon bat espetxeratu dute genero indarkeriako delitu baten ustezko egile gisa, bikotekidearen etxean sute bat eragitea egotzita. Gainera, nahita eragindako kalteen beste delitu bat ere egozten diote, ibilgailu bat erre eta eraikinean kalteak eragiteagatik. Biktimak hainbatetan pairatzen zituen tratu txarrak.
Asteazken goizaldean bikoteak eztabaida latza izan zuen emakumeak Galdakaon duen etxebizitzan. Emakumea lotara joan zenean, gizonak etxebizitzako logela batean sua piztu, eta alde egin zuen. Gainera, eraikinaren ondoan aparkatuta zegoen furgoneta bati ere su eman zion gizonak. Antza denez, biktimaren gertuko pertsona batena zen ibilgailua.
Suteak ke handia eragin zuen, baina emakumeak eta gainerako bizilagunek eraikinetik ateratzea lortu zuten, eta larrialdietara hots egin zuten. Emakumea eta bi lagun artatu behar izan zituzten osasun langileek.
Ertzaintzako agenteek inguruak miatu zituzten ustezko egilearen bila, eta eraikinaren goiko aldeko eremu komunetako batean ezkutatuta aurkitu zuten. Kedar-arrastoak zituen arropan, eta ke usain handia.
Atxilotutako 38 urteko gizonak polizia-aurrekari ugari ditu, eta genero indarkeriako delitu bat eta nahita eragindako kalteen beste delitu bat egotzita, espetxera bidali du epaileak.