Gizartea -
Indarkeria futbolean
FC Bartzelonako jarraitzaileek istiluak eragin, eta hiru zauritu utzi dituzte Iruñean
Osasunak agiri batean gaitzetsi egin ditu liskarrak, kaltetuei elkartasuna adierazi die, eta erasoa jasan duten zale gorritxoen esanetara jarri da.
Agentziak | EITB Media
FC Bartzelonako eskuin muturreko jarraitzaile batzuek (Boixos Nois) istiluak eragin dituzte gaur arratsaldean Iruñean, Sadarren jokatu beharreko partida hasi baino ordu batzuk lehenago.
Udaltzaingoaren iturriek jakitera eman dutenez, Osasunako jarraitzaileak sarri joaten diren taberna batean hiru pertsona zauritu dira, eta Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman behar izan dituzte.
Erasoa 17:30-17:45 artean gertatu da. Pertsona talde bat tabernara sartu da, eta makilekin eraso egin diete barruan zeudenei, Iruñeko Udaltzaingoak jakinarazi duenez. Gainera, bengala bat jaurti dute inguruetan, eta suhiltzaileak bertaratu behar izan dira.
Gertakariak Iturrama auzoko San Joan Bosco kaleko taberna batean jazo dira. Taberna horrek kalte handiak jasan ditu, aipatu iturriaren arabera. Oraingoz, ez dute inor atxilotu.
Hasiera batean, udaltzainak, anbulantziak eta, ondoren, Espainiako Polizia bertaratu dira.
Talde gorritxoak gaitzetsi egin ditu liskarrak, kaltetuei elkartasuna adierazi die, eta erasoa jasan duten zaleen esanetara jarri da.
Osasunak berretsi egin du kirolean indarkeria, arrazakeria, xenofobia eta intolerantzia zantzu ororen aurka dagoela, eta gaur gaueko partida normaltasun osoz igarotzea nahi duela errepikatu du.
FC Bartzelonak ere ohar bat kaleratu du, "Iruñean zale ultrek arratsaldean egindako bandalismo ekintzak deitoratu eta gaitzesteko".
"Joan Laporta presidentea Luis Sabalza Osasunako presidentearekin harremanetan jarri da, Nafarroako taldeak zale erradikalen artean gertatutakoaren aurrean gaitzespena partekatzeko", gaineratu du Kataluniako taldeak.
Iruñeko Sortuk Ezpala tabernak "eraso faxista" pairatu duela salatu du Twitter sare sozialean. Langile zein herritar zaurituei "elkartasun osoa" adierazi die alderdi abertzaleak. "Faxisten inpunitatearen aurrean Euskal Herria Antifaxista!!", aldarrikatu du.