Gizartea -
KORONABIRUSA
Ospitaleratutako pertsona gehiago EAEn, baina pandemiaren intzidentziak behera egin du
11 pertsona hil dira covid-19ak jota azken astean, eta R0a 1etik behera dago urriaren 28tik.
N. B. | Agentziak | EITB MEDIA
Covid-19 gaitzak eragindako 11 hildako izan dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) urriaren 30etik azaroaren 6ra bitarteko astean, aurrekoan bezala, eta 201 gaixo daude erietxeetan, joan den astean baino 11 gehiago, horietatik 8 ZIUetan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur argitaratu duen buletin epidemiologikoaren arabera.
Guztira, koronabirusaren 1.241 kasu positibo aurkitu dituzte EAEn azken astean, aurrekoan baino 281 gutxiago, eta 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia tasa metatua 125,98 kasukoa da, aurreko astean 140,89 kasukoa zen bitartean.
Lurraldez lurralde aztertuta, Araban, 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia tasa metatua 134,17 kasukoa da (aurreko astean, 172,63); Bizkaian 140,72 kasukoa (147,54); eta Gipuzkoan 95,56 kasukoa (111,84). Hiriburuetan, Gasteizko intzidentzia metatua 155,35 kasukoa da (duela astebete, 198,12); Bilbokoa, 182,40koa (182,98); eta Donostiakoa, 109,84koa (112,58).
Bestalde, covid-19arekin infektatutako pertsona batek batez beste zenbat lagun kutsatzen dituen neurtzen duen oinarrizko birsorkuntza tasa 0,92 da EAEn (aurreko astean 0,99), eta lurraldez lurralde, 0,82, Araban; 0,93, Bizkaian eta 0,98, Gipuzkoan.
Azkenik, ospitaleen egoerari dagokionez, orotara 201 gaixo daude Osakidetzako zentroetan ospitaleratuta covid-19aren ondorioz, joan den astean baino 11 gehiago, horietatik 193 ohe arruntetan (7 gehiago) eta 8 ZIUetan (4 gutxiago).