Gizartea -
bizkaia
Parte-hartze marka guztiak hautsi ditu Gernikako Azken Astelehenak
Bizkaiko udalerriak bere azokarik garrantzitsuena berreskuratu du gaurkoan, eta 125.000 pertsona bertaratu dira.
i.l.k. | eitb media
Gernika-Lumoko Udalak Euskal Herriko nekazal azokarik garrantzitsuenetako bat berreskuratu du gaur, hilaren 31n, Urriko Azken Astelehenean, eta bi urteko hutsuneak eta eguraldi onak bizitu egin dituzte jai gogoak. Izan ere, parte-hartze marka guztiak gainditu dira gaurkoan: 125.000 pertsona gerturatu dira.
Guztira, 293 postu daude, eta artisautzakoak dira ordezkaritza handiena dutenak (50 stand), gaztek jarraitzen dietelarik (37). Jarraian, askotariko postuak (28) eta barazki postuak (27) daude.
Horien artean, 24 postutan, ogia eta euskal pastela dira nagusi; 18 txakolinera bideratuta daude; 12, makineriarako; 11, kontserbetarako; 8, sagardo postu; 8, ahate pate postu; beste 5, ezti postu; eta 5 lore eta esneki postu, besteak beste. Herrian lehiaketa egingo da barazki, fruta, apaintzeko landare, txakolin, ezti eta gazta sailetan.
Bizkaitar Udalak jakinarazi duenez, kaleetako postuen banaketari dagokionez, Artekalek 66 bilduko ditu (sagardoa, txakolina eta gazta); Domingo Alegriak, 20 (eztia, frutak eta landareak); Industriak, 40 (ogia eta gazta); Juan Calzadak, 30 (barazkiak eta makineria); Pasealekuk, 50 (artisauak) eta San Juanek, 28 (hainbat produktu).
Era berean, Gernika Jai Alai Winter Series denboraldiko lehen jaialdia egingo da, eta sarrerak agortuta daude. Bertan, Urko-Manzi eta Alex-Ibarluzea bikoteak neurtuko dira, eta izarrak Erkiaga-Zabala eta Barandika-Lekerika izango dira.
Aurten, Jai Alai partiduak telebistan ikusten dituztenek tantoen planoak izango dituzte gozagai hartualdi bakar batean, pilotaleku osoaren irudi osoaz gain; kantxetan inoiz ez ikusitakoa, pilotaren abiaduragatik eta neurri handiagatik.
Gorroño: "Guretzako egun handia da"
Jose Maria Gorroño Gernikako alkatea pozik agertu da aurtengo azokaren harrerarekin eta, EITB Mediari adierazi dionez, "gaur errekorra egongo da". Izan ere, 100.000 pertsona inguru bertaratzea espero da, marka hautsita.
Nabarmendu duenez, hiru urteko etenaldiaren ondoren, goizeko 09:00ak baino lehenagotik ikusi dira "postu guztiak gainezka". "5.000 metro karratu baino gehiago" dira plazan postuz beterik, baita "inguruko perimetroa" ere.
Inguruko herrietatik ez ezik, "Euskal Herri osotik" gerturatzen da jendea, baita "kanpotik" ere. Aurten, inoizko azokarik jendetsuena espero da, Domu Santu zubiarekin bat eginda gainera, baina "denboraz antolatu dugu, eta uste dugu dena ondo aterako dela".
Gorroñok euririk egin ez dezan desiratu, eta erantsi du: "uste dut denok egon garela gogo eta ilusio handiarekin. Guretzako egun handia da".
Epaimahai entzutetsua
Azokako epaimahaia euskal nekazal sektoreko izen handiko teknikariek osatuko dute. Gazta dastaketan, halaber, sutegietako profesional ospetsuek hartuko dute parte: Aizian eta Melia Bilbao jatetxeetako Jose Miguel Olazabalaga; Jauregui Barria jatetxeko Beñat Ormaetxea; Zortziko jatetxeko Daniel Garcia; Yandiola jatetxeko Ricardo Perez; Zarate jatetxeko Sergio Ortiz de Zarate; Txoriene jatetxeko Zigor Iturrieta; Boroa jatetxeko Javier Garcia; Joseba Uribarri aktorea eta Ana Martin enologoa.
Trafikoan eragina
Ospakizuna dela eta, herriko kale batzuetan trafiko etenak egongo dira, eta, ondorioz, inguruko kaleetatik desbideratuko da trafikoa. Moztutako bideak honako hauek izango dira: San Juan (astearte goizera arte), Artekale, Juan Calzada eta Adolfo Urioste (ostegun goizera arte, desmuntatze eta garbiketa lanengatik).
Bizkaibus Busturia Lea Artibai (BLB) enpresako langileek 24 orduko greba egingo dute astelehen honetan, azokarekin bat eginda.