Gizartea -

Urtarrilaren 8ra arte

Umeen Gabonetako Parkea abenduaren 17an bueltatuko da BECera bi urtez bertan behera egon ondoren

Urtarrilaren 8ra arte izango da irekita, eta Bilbao Exhibition Centreko 1, 3 eta 5 pabilioietan jarriko dute. "Gozatzeko eta ikasteko proposamenak" izango ditu, "oinarrizko balioak indartuko dituzten" tailer eta jarduerekin.

2018ko Umeen Gabonetako Parkea, artxiboko irudian. EITB Mediako bideo batetik hartutako argazkia.
2018ko Umeen Gabonetako Parkea, artxiboko irudian. EITB Mediako bideo batetik hartutako argazkia.
2018ko Umeen Gabonetako Parkea, artxiboko irudian. EITB Mediako bideo batetik hartutako argazkia.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilbao Exhibition Centrek (BEC) Umeen Gabonetako Parkea hartuko du, beste behin, abenduaren 17tik urtarrilaren 8ra, bi urtez pandemiagatik bertan behera egon ondoren.

BECek ohar bidez jakitera eman duenez, Umeen Gabonetako Parkea 56. aldiz egingo dute, 1, 3 eta 5 pabilioietan. "Gozatzeko eta ikasteko proposamenak" izango ditu, "oinarrizko balioak indartuko dituzten" tailer eta jarduerekin.

Hala, aurreko urteetako ildoari jarraituz, Umeen Gabonetako Parkeak "elkartasuna, gizalegea, berdintasuna, jasangarritasuna, bizitza osasuntsua eta familia" aldeztuko ditu, eta euskara "zeharkako balio gisa" izango du.

Hainbat erakundek antolatutako jarduerak itzuliko dira; besteak beste, honako hauek: Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Portua, BBK Fundazioa, Athletic Fundazioa, Bizkaiko Suhiltzaileak eta Saskibaloi, Eskubaloi eta Tenis federazioak, besteak beste.

Halaber, jolas hauek bueltan izango dira: Eurogiro Kearekin, Txiki Park, Lapikoa, Take, Off, Ninja Dortokak, Popof Trena, Haurrentzako Noria, Ohe Elastikoak, Baby Kateak, Trena, Matxinsaltoa, Talka Autoak Haur Pista, Labetxoak, Kanguru Txikia, Frozen Konbinatua, Patrulla Canina Txirrista, Multiarkoak, Wipe Out, Superkangurua edo Zezen Mekanikoa, besteak beste. Kart elektrikoak eta izotz pista ere izango dira; harrera oso ona izaten dute horiek ere.

Aurten, berritasun gisa, sarrerak webgune ofizialaren bidez ere izango dira eskuragarri. Ordutegi orokorra 11:00etatik 20:00etara izango da. Abenduaren 24an eta 31n eta urtarrilaren 5ean, baina, 11:00etatik 17:00etara izango da irekita. Abenduaren 19tik 22ra, 10:00etatik 19:00etara irekiko dute; abenduaren 25eko eta urtarrilaren 1eko eta 6ko jaiegunetan, ordea, itxita izango da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da gaur Bilbon? Bilbao Exhibition Centre Gabonak 2023 Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Umeak