Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
44 urteko espetxe zigorra ezarri diote Abanton emaztea eta alaba hil zituen gizonezkoari
Zinpeko epaimahaiak frogatutzat jo zuen gizonak emaztea eta alaba "nahita" hil zituela Abanto Zierbenako familiaren etxebizitzan 2020ko martxoan.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Bizkaiko Lurralde Auzitegiak 44 urteko espetxe zigorra ezarri dio 2020ko martxoan Abanto Zierbenan (Bizkaia) emaztea eta alaba hil zituen gizonezkoari. Gaur ezagutu den epaiaren arabera, "aurrez pentsatutako hilketak" izan ziren, eta horietako bakoitzagatik 22na urteko zigorra ezarri diote akusatuari, "genero indarkeria" eta "ahaidetasuna" larrigarritzat hartuta. Halaber, hiltzaileak 170.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio biktimen ama eta amonari, eta 40.000 eurokoa anaia eta osaba bakoitzari.
Hala ere, epaiaren zuzenbideko oinarrietan "homizidio delitu bakoitzeko 23na urteko espetxealdia finkatzea egokitzat" jotzen du epaia izenpetu duen magistratuak. Hori dela eta, biktimen abokatuak jada aurreratu du, argitze-errekurtsoa aurkeztuko duela Bizkaiko Lurralde Auzitegian, 22 edo 23 urte diren zehazteko.
Horrez gain, behin espetxe zigorra beteta, 10 urtetan zaintzapeko askatasunean egon beharko du, eta genero indarkeriarekin lotutako formazio programetan parte hartu.
Orain, epaia kaleratu ondoren, EAEko Justizia Auzitegi Nagusian apelazio helegitea jartzeko 10 eguneko epea zabalduko da.
Zinpeko epaimahaiak errudun jo zuen Abantoko gizona. Ebatzi zuenez, akusatuak 54 eta 24 urteko emaztea eta alaba "nahita" hil zituen Abanto Zierbenako familiaren etxebizitzan, eta ondorioztatu zuen akusatuak bi hilketa delitu egin zituela "azpikeriaz", "ahaidetasun eta genero astungarriarekin" bi kasuetan.
Bere deklarazioan, akusatuak esan zuen "gehiago ezin zuelako" hil zituela emaztea eta alaba. Haren hitzetan, arazo ekonomiko larriak zituen familiak, eta berak bere buruaz beste egiteko asmoa zuen. Egoera horri ezingo omen zion aurre egin emakumeak, eta horregatik hil zituela esan zuen.