Gizartea -
Trafikoa
Hamar lagun arin zauritu dira A-8an, Galdakao parean, elkarren segidako bi talkaren ondorioz
Guztira, sei ibilgailu izan dira tartean. Zirkulazioa 10:00ak aldera berrezarri dute. Sei kilometrorainoko auto ilarak izan dira; Basauriraino iritsi dira horiek, Malmasingo tunelaren irteeraraino.
Agentziak | EITB Media
Hamar lagun arin zauritu dira ostegun goizeko lehen orduan A-8an, Galdakao parean, elkarren segidako bi talkaren ondorioz Irunerako noranzkoan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren iturriek jakitera eman dutenez. Guztira, sei ibilgailu izan dira tartean, eta zirkulazioa 10:00ak aldera berrezarri dute.
Lehen talka 7:35ean jazo da. Hiru ibilgailuk elkarren aurka egin dute talka, ikertzen ari dira zergatik, eta pertsona bat zauritu da, arin.
Minutu gutxi batzuen buruan, eta lehen istripu hori sortzen ari ziren ilaren ondorioz, beste hiru ibilgailuk egin dute talka 7:50ean.
Bigarren istripuak beste bederatzi lagun makatuta utzi ditu, eta arin zauritu dira. Osasun langileek bertan artatu dituzte.
9:45erako, ezbeharra izan duten ibilgailuak eraman ditu garabiak, eta, hala, sortutako pilaketak gutxitzen hasi dira.