Gizartea -
Gertakaria
Bi gizon Kutxabanken sukurtsal batean lapurreta egiten saiatu dira Gasteizen, suzko arma batekin
Lapurretako bat Extremadura kalean atxilotu dute. Bigarren susmagarria bilatzeko operazioa zabalik dago. Banketxea Santiago etorbidearen eta Extremadura kalearen artean dago.
Agentziak | EITB Media
Bi gizon banketxe batean lapurreta egiten saiatu dira Gasteizen, eta su-arma batekin sartu dira. Lapurreta zapuztu ostean, ihes egin dute eta horietako bat sukurtsaletik gertu atxilotu dute.
Udaltzaingoko iturriek baieztatu dutenez, 14:00ak baino minutu batzuk lehenago, udaltzainek pertsona baten deia jaso dute, Santiago etorbidearen eta Extremadura kalearen artean dagoen Kutxabankeko sukurtsal batean lapurreta bat izan dela eta egileak armatuta zeudela jakinarazteko.
Poliziak iritsi direnean, bi gizonek ihes egin dute lapurreta burutu gabe, eta horietako bat Extremadura kalean atzeman eta atxilotu dute.
Ertzaintzak bere gain hartu du ikerketa, baina ez du xehetasun gehiagorik eman, ustezko lapurrek gutxienez "suzko arma bat" zeramatela izan ezik, eta bigarren susmagarria bilatzeko operazioa zabalik dagoela baieztatu du.