Gizartea -

SANSOHETA AUZIA

Sansoheta auziko auzipetuentzat espetxe zigor eskariak gogortu egin dituzte herri akusazioak eta Fiskaltzak

Herri akusazioak 30 eta 47 urte arteko espetxe zigorra eskatu du akordiorik lortu ez duten sei auzipetuentzat, eta Fiskaltzak ere gogortu egin du bere eskaria; horrek, 14 eta 34 urte arteko espetxe zigorrak eskatu ditu.

Sansoheta auziko epaiketa. Artxiboko argazkia: EFE
Sansoheta auziko epaiketa
Sansoheta auziko epaiketa. Artxiboko argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako Lurralde Auzitegian joan den astetik egiten ari diren Sansoheta auziko epaiketa gaur amaitu da. Arabako Foru Aldundiaren zaintzapean zeuden hainbat adin txikikori sexu abusuak egitea egotzitako hamar gizonezko ari dira epaitzen.

Gaurko saioan, adituen azken txostenak aurkeztu dituzte. Gainera, fiskaltzak, akusazio partikularrak, herri akusazioak eta defentsa abokatuek beren ondorioak irakurri dituzte, eta ondoren, epaiketa epaiaren zain gelditu dira.

Bere aldetik, auzi honetan herri akusazio gisa aurkeztu zen Clara Campoamor Elkarteak nabarmen areagotu egin ditu zigor eskariak, eta 30 eta 47 urte arteko kartzela eskatu du akordiorik lortu ez duten sei auzipetuentzat. Era berean, Fiskaltzak ere gogortu egin du bere eskaria, 14 eta 34 urte arteko espetxealdiak eskatuz. Biek frogatutzat eman dute adin txikikoak zirela jakinda izan zituztela sexu harremanak diruaren truke.

Ondorioen aurkezpenean, fiskalak adierazi du akusatuek adingabeekin eduki sexuala eta sexu-harremanak partekatu zituztela diruaren truke, eta ez zutela egiaztatu adin nagusikoak zirenik. "Inork ez zuen inolako ardurarik hartu, eta ardurarik txikiena NANa eskatzea da", azpimarratu du, itxura fisikoa "umeena" zela ziurtatu aurretik.

Gainera, akusatuen telefono batzuetan aurkitutako adingabeen argazki bat nabarmendu du, argazki hori 18 urteko gazte batena dela pentsatzea "ezinezkoa" dela adierazteko.

Halaber, adierazi du akusatuek biktimekin telefonoz eta posta elektronikoz izandako elkarrizketetan edukia sexuala zela, sexu-praktikei buruzkoa eta "benetako tratuak" eginez ordaindu beharreko prezioei buruzkoa.

Epaiketaren lehendabiziko bi saioetan, hamar akusatuetako lauk onartu egin zuten gertatutakoa, eta akordioa erdietsi zuten Fiskaltzarekin. Arabako diputazioaren ardurapean zeuden zenbait adingaberi sexu abusuak egin izana aitortu zuten, eta urtebetetik hamahirura bitarteko espetxe zigorrak onartu zituzten.

Beste sei akusatuek, ordea, epaiketan deklaratu zuten ez zekitela adin txikikoak zirela, eta defentsa abokatuak hori frogatzen ahalegindu dira. Dena dela, epaiketan entzundako biktimen lekukotzek eta aurkeztutako hainbat frogak ezbaian jarri dute defentsaren estrategia.  

Ostiraleko auzi-saioan, esaterako, Sansohetako akusatuen eta biktimen telefono mugikorren edukia aztertu duten ertzainek nabarmendu zuten biktimek ez zutela adin nagusikoak izateko itxurarik akusatuekin sexu harremanak izan zituztenean. Are gehiago, aurkitutako mezuen artean, gazteetako batek 18 urte beteak ez zituela esan zion akusatuetako bati.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Epaiketak albisteak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gasteiz albisteak Albisteak Eraso sexualak gaur Arabako Foru Aldundia azken orduko albisteak