Gizartea -
Sansoheta kasua
Ertzainek adierazi dute Sansohetako biktimek ez zutela adinez nagusi izateko itxurarik
Epaiketaren laugarren saioan bederatzi ertzainek lekuko gisa deklaratu dute, eta akusatuen nahiz biktimen telefono mugikorretan aurkitutako elkarrizketen, argazkien eta mezu elektronikoen edukiaren berri eman dute.
EITB Media
Sansoheta zentroko (Araba) tutoretzapeko adingabeen abusu eta ustelkeria kasuetan akusatuen eta biktimen telefono mugikorren edukia aztertu duten ertzainek nabarmendu dutenez, biktimek ez zuten adin nagusikoak izateko itxurarik akusatuekin sexu-harremanak izan zituztenean. Are gehiago, aurkitutako mezuen artean, gazteetako batek 18 urte beteak ez zituela esan zion akusatuetako bati.
Arabako Probintzia Auzitegian 2016an gertatu ziren eta Foru Aldundiaren tutoretzapeko Sansohetako zentroko (Araba) adingabeei eragin zieten gertakari horien epaiketaren laugarren saioa izan da gaur,
Bederatzi ertzainek lekuko gisa hitz egin dute, eta akusatuen nahiz biktimen telefono mugikorretan aurkitutako elkarrizketen, argazkien eta mezu elektronikoen edukiaren berri eman dute.
Azaldu dutenez, gailu mugikor horietan aurkitutako txatetan, droga-trafikoarekin eta eduki sexualeko beste batzuekin lotutako elkarrizketak aurkitu zituzten; zenbaitetan diruaren eta drogen truke sexu hitzorduak zehazten ziren.
Era berean, biktimen itxurari buruz galdetuta, ertzainek nabarmendu dute horietako baten "gazte-itxura", nahiz eta garaiera handia izan; beste bati buruz esan dute "ume-aurpegia" eta "garatu gabeko" itxura zuela, jarrera "zalantzatiarekin".
Fiskaltzaren galderei erantzunez, nabarmendu dute akusatuetako batek biktimetako bati galdetu ziola "bere adineko" lagunik ba ote zuen berarekin geratzeko, eta beste elkarrizketa batean, gazteak esan ziola 17 urte zituela baina 18 urte beteko zituela hilabete horretan bertan.
Halaber, akusatuen eta biktimen kontaktuak telefono mugikorretan gordetzean izengoitien erabilera azpimarratu dute, eta epaitutako sei gizonetako baten kasuan, izenaren aurretik G bat erabiltzea "adingabeekin eta prostituzioarekin lotutako" kontaktu batzuk identifikatzeko.
Hala ere, ertzainetako batek adierazi du aztertutako elkarrizketetan ezin dela ondorioztatu "adingabeak hertsapena edo beldurra" zituenik, eta zehaztu du telefono mugikorrean aurkitutakoaren arabera, biktima zela sexu-harremanak izateagatik konpentsazio ekonomikoa eskatzen zuena eta akusatua zenbatekoa proposatzen zuena.
Besta elkarrizketa batean akusatuak proposatutako sexu-praktikaren inguruko "tratua" hauteman da, "oso ortodoxotzat har ezin" daitekeena, ertzainaren arabera.
Ertzainek nabarmendu dutenez, gailu mugikorretan argazki sexualak eta droga-trafikoarekin lotutakoak aurkitu dituzte.
Epaiketa astelehenetik
Hamar lagun akusatuen aulkietan zirela, epaiketa joan den astelehenean hasi zen, adingabeak galbideratzea, sexu-abusuak egitea, adingabeen aurrean pornografia erakustea eta osasun publikoaren aurkako delituak egotzita.
Aste honetan zehar, lau akusatuk onartu egin dute gertatutakoa, eta akordioa erdietsi dute akusazioekin; urtebete eta hamahiru urte arteko kartzela-zigorra ezarriko diete.
Beste sei akusatuak epaitzen jarraitzen dute. Izan ere, diotenez ez zekiten helduen webgune baten bidez harremanetan jarri eta diruaren truke sexu-harremanak zituztenak adingabeak zirenik.
Astelehenean ekingo zaio berriro saioari, adituen frogen aurkezpenarekin.
(Informazioa osatzeko lanean ari gara)