Gizartea -

Espetxe kudeaketak, urtebete

Eusko Jaurlaritzak 457 gradu progresio eman ditu duela urtebete EAEko kartzelen ardura hartu zuenetik

Progresioen % 5 (25) ETArekin lotura duten presoei eman dizkiete. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak nabarmendu duenez, "dagoeneko ez dute zentzurik salbuespenek" eta, hortaz, "presoek ez dute inolako onura edo galerarik izango euskal espetxeetan, ETArenak izan ala ez".

Bizkaiko espetxea, Jaurlaritzak horren ardura hartu ondotik. Argazkia: EITB Media
Bizkaiko espetxea.
Urtebete igaro da Jaurlaritzak kartzelen eskumena jaso eta eredu berri bat lantzen hasi zela

01:23

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urriaren 1ean urtebete izango da Eusko Jaurlaritzak espetxeen kudeaketa bere gain hartu zuela. Urtea betetzear dela, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak (hark du ardura) 12 hilabeteotako balantzea egin du. Emandako datuen arabera, Jaurlaritzak 457 gradu progresio eman ditu, horietatik 25 (% 5) ETArekin lotura duten presoei.

Progresioak % 40 izatea jarri zuen helburutzat, eta erdietsitako datuak "oso hurbil" jarri du muga, Beatriz Artolazabal sailburuak nabarmendu duenez. Izan ere, azaldu du EAEko espetxe eredua erdi-askatasuneko erregimenen kopurua igotzean datzala, "Europako herrialdeen joerekin bat etorrita. Horren esanetan, hainbat azterketek frogatu dute erregimen horiekin errazagoa dela pertsonak birgizarteratzea.

Adierazpenok Arabako Espetxean antolatutako lan saio batean egin ditu Artolazabalek. Kartzelen kudeaketan zeresana duten sail eta zuzendaritzetako ordezkariak, EAEko hiru espetxeetako zuzendariak eta hirugarren sektoreko elkarteak izan dira ekitaldian.

Presoen laurdena, hirugarren graduan

Jaurlaritzaren datuen arabera, gaur-gaurkoz, 383 preso daude hirugarren graduan, % 25. Era berean, 233 lagun daude baldintzapeko askatasunean. 

ETArekin lotura dutelakoan zigortutako 116 pertsona daude EAEko kartzeletan, eta horietatik 28 hirugarren graduan daude (% 24). Zortzi baldintzapeko askatasunean daude. 

Horren ildoan, honakoa azpimarratu du Artolazabalek: "Dagoeneko, ez dute zentzurik salbuespenek, ezta tratamendu kolektiboek ere. Presoek ez dute inolako onura edo galerarik izango euskal espetxeetan, ETAkoak izan ala ez. Graduko aurrerapen guztiak onartzeko, dagokion Tratamendu Batzordearen banakako txosten profesionalak eta egunero preso bakoitzarekin lan egiten duten pertsona teknikariak hartuko dira kontuan", arrazoitu du

Artolazabalen aburuz, lehen urte horren balorazio "positiboa" egin behar da, aitortu duen arren "euskal eredua —erdi-askatasuneko erregimenak lehenesten dituena— espetxe kudeaketaren eguneroko bizitzan finkatzea ez dela urtebetean lortzen den helburua, ezta legegintzaldi batean ere; urte asko beharko dira lanean, praktikan eta pedagogian, helburua lortzeko". 

Erdi-askatasuneko erregimeneko zigorrak betetzen laguntzeko, Jaurlaritzak 12 etxebizitza jarri ditu bizitzeko baliabiderik ez duten presoen eskura. Hirugarren sektoreko elkarteek kudeatuko dituzte, eta sei egongo dira Araban eta hiruna, Bizkaian eta Gipuzkoan. Guztira, 80 pertsona har ditzakete bizilekuok. 

Azkenik, Aukerak Laneratzeko Euskal Elkartearen datuak eskaini ditu sailburuak. "331 langile izan ditu (296 gizon eta 35 emakume), eta lankidetza hitzarmenak sinatu ditu kanpoko bederatzi enpresarekin, 150 langile dituztenak (139 gizon eta 11 emakume)", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Presoak ETA Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Espetxeak