Gizartea -

Koronabirusa

Urkullu lehendakariak pandemiaren harira "itxaropena" izateko deia egin du, biktimak ahaztu gabe

Korononabirusak utzitako biktimak omentzeko urteroko ekitaldian, lehendakariak nabarmendu du oraindik pandemian gaudela, mundu osoko osasun arduradunek krisiaren "tunel luzeko" amaiera gertuago dagoela esan badute ere.

Iñigo Urkullu lehendakaria, ekitaldian. EITB Mediako bideo batetik hartutako argazkia.
Iñigo Urkullu lehendakaria, ekitaldian
Urkulluk itxaropenerako deia egin du, pandemiaren biktimak ahaztu gabe

0:40

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak covid-19ak utzitako biktimak omentzeko urteroko ekitaldian parte hartu du asteazken honetan, eta, pandemiaren harira, "itxaropena" izateko deia egin du, koronabirusak "eragindako sufrimendua ahaztu gabe". Pandemia hasi zenetik, alegia, 2020ko martxotik, 7.937 euskal herritar hil dira covid-19agatik; Urkulluk nabarmendu du "oraindik" pandemian gaudela, mundu osoko osasun arduradunek krisiaren "tunel luzeko" amaiera gertuago dagoela esan badute ere.

Hirugarren urtez jarraian, Gasteizko Sempervirens parkean Bildu dira hainbat ordezkari instituzional, pandemiaren hildakoak gogora ekarri, eta horien senideei elkartasuna agertzea helburu. Ekitaldian, lehendakariak omenaldiaren garrantzia azpimarratu du. Bi sekuoia izan dira bertan: bata 1860an landatutako bat izan da; duela urte batzuk lehortu zen, eta "biktimak gogoan izateko garrantzia" irudikatzen du. Bestea, ordea, Sempervirens, gazteagoa da, eta 2020an iritsi zen parkera; "itxaropenaren bizitza eta indarra" islatzen ditu horrek.

"Zuhaitz gazte honek bizitza irudikatzen du. Batu gaituen dena. Elkarlanaren eta guztion onaren izaera irudikatzen ditu. Itxaropenaren indarra da. Horixe da Sempervirens izaera: etorkizunari itxaropentsu begiratzea, pairatutako sufrimendua ahaztu gabe", esan du.

Lehendakariak zehaztu duenez, pandemiagatik hildako 7.937 biktimen atzean familiak daude: "Gurasoak, anaia-arrebak eta lagunak daude, eta, kasu askotan, ezin izan zieten agur esan".

Konpromisoa eta ahalegina

Azpimarratu du nolako konpromisoa erakutsi zuten pandemiako garai latzenetan osasun langileek eta langile soziosanitarioek, bai eta oinarrizko zerbitzuetako langile guztiek ere. Halaber, goratu egin du hainbat boluntarioren eta koronabirusak ekarritako erronkari "erantzun zibikoa" eman zioten herritar guztien ahalegina.

"Gogora ekartzeak eta memoria egiteak gizatiartu egiten gaituzte. Biktima bakoitzarekiko gertutasuna errotzen laguntzen digu. Ez dugu ahazte indibidualistarik nahi. Komunitatearen oroitzapena nahi dugu", aldeztu du.

Ekitaldian, hainbat ordezkari instituzional izan dira; besteak beste, Eusko Jaurlaritzako zenbait sailburu, Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentea, talde guztietako bozeramaileak, hiru ahaldun nagusiak, Arabako Batzar Nagusietako presidente Pedro Elosegui eta Gasteizko eta Bilboko alkateak, alegia, Gorka Urtaran eta Juan Maria Aburto.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Urkullu azken albisteak Gaixotasunak bideoak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Zientzia Osasun albisteak gaur Medikuen albisteak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza albisteak Botikak albisteak Txertoak Donostia Ospitalea Arabako Unibertsitate Ospitalea Nafarroako Ospitale Gunea azken ordukoa Koronabirusari lotutako azken orduko albisteak Galdakao-Usansolo Ospitalea azken ordukoa Anbulatorioak albisteak Nafarroako Osasun Zerbitzua