Gizartea -
Indarkeria matxista
Epaimahaiak Abantoko krimenen eszenako argazkiak ikusi ditu epaiketaren laugarren saioan
2020ko martxoaren 10ean alaba eta emaztea hiltzeagatik 50 urteko espetxe zigorra jaso dezaken gizonaren aurkako epaiketari berrekin zaio gaur, kasuaren ikerketan parte hartu zuten ertzainen testigantzekin.
O. P. | EITB Media
Herri-epaimahaiak Abantoko Sanfuentes auzoko txaleteko argazkiak ikusi ditu gaur, akusatuak krimen bikoitza egin zuen etxea. Gizonak aurpegia estali du bere emaztearen eta alabaren gorpuak ez ikusteko.
2020ko martxoaren 10ean alaba eta emaztea hiltzeagatik 50 urteko espetxe zigorra jaso dezaken gizonaren aurkako epaiketari berrekin zaio gaur, kasuaren ikerketan parte hartu zuten ertzainen testigantzekin.
Familiaren etxebizitzan frogen bilketan parte hartu zuten hiru ertzainek krimenaren eszena nola zegoen azaldu dute aretoan, 360 graduko argazkiak pantaila handi batean proiektatuta, herri epaimahaiak eta epaileak Polizia Zientifikoaren azalpenak entzuten zituzten bitartean.
Goizeko saioan hitz egin dute hiru orduz akusatuaren bila aritu ziren agenteak ere, haren senitartekoak Ertzain-etxera joan eta gizonak bi emakumeak hil izana aitortu ziela jakinarazi ondotik.
Azaldu dutenez, gizona bere etxeko trasteleku batean aurkitu zuten, besaulki batean eserita, Orfidal pilulak eta kaxak inguruan zituela. "Noraezean" eta "konortea galduta" zirudien, baina "drogatuta bezala", eta "lau" hartu zituela esan zuen, zehaztu gabe pilulei edo kutxei buruz ari ote zen, eta, beraz, poliziek anbulantzia bat eskatu zuten "badaezpada", ospitalean baloratu zezaten haren egoera.
Larrialdietara iristean, "ondo" erantzuten zien pilulak hartzeagatik izan zezakeen eragina egiaztatzen saiatzen ari zen medikuaren galderei, eta, ospitalera lagundu zuen agenteak adierazi duenez, "lasaitasun osoz" hasi zen kontatzen "izugarria egin zuela eta emaztea eta alaba hil zituela".
Ertzain horrek atxilotuaren arropa jaso zuen ospitalera iristean, epaileak hala eskatuta, eta "eskudirutan diru asko" zeramala egiaztatu zuen, 600 euro baino gehiago bai behintzat.
Halaber, epaimahaiak krimena ikertzeko instrukzioa egin duen ertzainari entzun dionez, akusatuaren arrebak eta koinatu ohia gizona salatzera joan zirenean hark emakumeak "gehiegi babesten" zituela eta bi biktimei "tratu bikaina" ematen ziela esan zuten.
Bestalde, krimena gertatu bezain laster, hildako emaztearen anaiek akusatuak biktimekiko zuen "kontrol-portaeraren" eta bi emakumeekiko "gutxiespenaren" berri eman zutela gogorarazi du.
Epaiketak bihar jarraituko du, akusatuaren egoera psikologikoari buruzko txostenak jasoko dituzten txosten perizialekin.