Gizartea -

Euskara

Jaurlaritzak euskara profil desberdinak proposatu ditu ahozko eta idatzizko gaitasunetan sektore publikoan

Eusko Jaurlaritzak euskararen normalizazioa eta erabilera sektore publikoan arautuko dituen dekretuaren zirriborroa aurkeztu du. Hainbat nobedade dakartza; esaterako, lanpostuaren arabera, maila desberdina eskatu ahalko dute ahozko eta idatzizko gaitasunetan.

Sektore publikoko hainbat langile, bulego batean. EITB Mediako bideo batetik hartutako argazkia.
Sektore publikoko hainbat langile, bulego batean
Sektore publikoko hainbat langile, bulego batean. EITB Mediako bideo batetik hartutako argazkia.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak sektore publikoan ahozko gaitasunean eta idatzizkoan euskara profil desberdinak eskatzeko aukera proposatu du, euskararen normalizazioa eta erabilera administraritzan eta enpresa eta fundazio publikoetan arautuko dituen dekretuaren zirriborroaren arabera. Zirriborroak aurreikusten du euskara lan hizkuntza izan dadila, gaztelania bezala, eta nobedadeak ditu; besteak beste, aipatutako profil desberdin horiek, sektore publikoko langileen ahozko eta idatzizko gaitasunak egiaztatzeko.

Jaurlaritzaren asmoa da aurrerapausoa ematea euskararen normalizazioan, administrazio publikoan, eta gaztelania bezala, euskara lan hizkuntza izateko helburua gauzatzea. Dekretu hau sektore publiko osoan ezarriko dute lehen aldiz, hau da, administraritzan zein enpresa eta fundazio publikoetan.

Nobedade nagusia da erdibideko hizkuntza profilak egotea. Horiek modu desberdinean egiaztatuko dituzte ahozko eta idatzizko gaitasunak. Horren bidez, esate baterako, lanpostu batean langileak herritarrekin bereziki ahoz aritzen badira, gehiago baloratuko da hitz egiteko gaitasuna, idaztekoa baino.

Ez da derrigorrezkoa izango aurrez hizkuntza profilik aurkeztea

Beste nobedade bat da ez dela derrigorrezkoa izango aurrez hizkuntza profilik aurkeztea; izan ere, prozesua euskaraz gaindituz gero, langileei eskatutako maila onartuko zaie automatikoki, bestelako titulurik edo probarik gabe.

Baldintza gisa, 2. Hizkuntza Profila edo B2 maila eskatuko dute. Dekretuaren arabera, maila horretan, langileen lan hizkuntzak euskara izan beharko du.

Zirriborroan, orain, urriko erdira arte, ekarpenak egingo dituzte; hori bai, Jaurlaritzak alderdi politikoekin eta sindikatuekin hitz egin du, argitaratu baino lehen. Hurrengo pausoa izango da behin betiko testua Gobernu Kontseiluan eztabaidatu eta onartzea, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu aurretik. Bertan argitaratuta, biharamunean sartuko da indarrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Eusko Jaurlaritza albisteak EAE Funtzionarioak bideoak Gizartea Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Lan Eskaintzak