Gizartea -
Zirkulazioa
A-15 autobidea erabat itxiko dute gaur gauean Andoain eta Berastegi artean
Itxiera osteguneko 21:00etatik ostiraleko 6:00etara egingo dute.
EITB MEDIA
Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, aglomeratua konpontzeko lanak direla eta, A-15 autobidean zirkulazioa erabat etengo dute Sorabillako loturaren (Andoain) eta Berastegikoaren artean, ostegunetik ostiralerako gauean (hau da, irailaren 15etik 16rako gauean).
Andoaingo noranzkoan osteguneko 21:00etatik ostiraleko 5:00etara arte izango da itxita. Iruñeko noranzkoan, aldiz, 6:00etara arte.
Andoainerako noranzkoan, itxierak A-15 errepideko erabiltzaileak Berastegiko loturan irtetera eta GI-2130 errepidetik Tolosaraino ibiltzera behartuko ditu. Bertan, N-I errepidea hartu ahalko dute.
Iruñerako noranzkoan, aldiz, itxierak erabiltzaileak Sorabillako lotunean bira egitera behartuko ditu, N-I errepidean sartzera eta, ondoren, GI-2130 errepidera Tolosatik eta Ibarratik joatera. Ondoren, A-15era itzuli ahal izango dira Berastegiko loturan.
Ibilgailu astunek N-I errepidea erabiltzea gomendatzen da.