Gizartea -

Gertaera

Emakume bat atxilotu dute Bilbon, haren etxeari nahita su ematea leporatuta

Uribarri auzoko etxebizitza batean ostiral honetan izandako sutea piztu izana egotzi diote. Emakumea bera, haren bi seme-alaba adingabeak eta auzokide bat artatu behar izan zituzten ospitalean, kea arnastuta.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak emakumezko bat atxilotu du Bilbon, Uribarri auzoan kokatutako haren etxeari ostiral honetan su eman izana egotzita. Sutearen ondorioz, emakumea bera, haren bi seme-alaba adingabeak eta auzokide bat artatu behar izan zituzten ospitalean, kea arnastuta.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, sutea ostiral honetako 14:00ak aldera jazo da, Bilboko Calixto Leguina kalean. Suhiltzaileak, osasun langileak, Ertzaintza eta Udaltzaingoa bertaratu dira.

Sutearen ondorioz, etxean bizi diren emakume bat, haren bi seme-alaba adingabeak eta auzokide bat artatu behar izan dituzte Basurtuko Ospitalean, kea arnastuta.

Behin sugarrak itzalita, suhiltzaileek ikerketa abiatu dute sutearen jatorria ezagutzeko, eta etxebizitzaren barruan balizko foku izan zitezkeen hainbat puntu identifikatu dituzte. Ertzaintzaren Txakur Taldeak lehenengo ondorio horiek baieztatu ditu.  

Hori horrela, larunbat goiz honetan, Ertzaintzak emakumezkoa atxilotu du eta, behin polizia-izapide bukatuta, epailearen esku utzi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Ertzaintza Suteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Suhiltzaileak