Gizartea -

Sexu-eskubideak

Europako hainbat parlamentarik osasun- eta sexu-eskubideei buruz eztabaidatuko dute aste honetan Gasteizen

Jardunaldiak “Osasuna eta sexu- eta ugalketa-eskubideak, krisi humanitarioak eta nazioarteko lankidetza” izenburupean egingo dira, eta antolaketa-lanetan Familia Plangintzaren Federazioak eta Sexu eta Ugalketa Eskubideei buruzko Europako Parlamentu Foroak ere parte hartu dute.

Besteak beste, Ukrainako emakumeen egoera aztertuko dute. Argazkia: EFE
Besteak beste, Ukrainako emakumeen egoera aztertuko dute. Argazkia: EFE
Besteak beste, Ukrainako emakumeen egoera aztertuko dute. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako hainbat herrialdetako emakume parlamentariek osasunari eta sexu- eta ugalketa-eskubideei buruz eztabaidatuko dute astelehen eta astearte honetan Gasteizen, Eusko Legebiltzarrak antolatutako nazioarteko topaketa batean. Bertan, bertaratuko direnek gai horren inguruko analisiak partekatu eta konpromisoak hartuko dituzte.

Jardunaldiak "Osasuna eta sexu- eta ugalketa-eskubideak, krisi humanitarioak eta nazioarteko lankidetza" izenburupean egingo dira, eta antolaketa-lanetan Familia Plangintzaren Federazioak eta Sexu eta Ugalketa Eskubideei buruzko Europako Parlamentu Foroak ere parte hartu dute.

Eusko Legebiltzarrak jakinarazi du helburua "premiaz" behar diren borondate politikoa eta koordinazioa bultzatzea dela, pertsona guztiek, batez ere emakumeek eta neskatoek, informazioa eta sexu- eta ugalketa-osasuneko zerbitzuak eskura izan ditzaten krisi humanitarioen testuinguruetan.

Gasteizko Villa Suso Jauregian izango dira Austria, Belgika, Kroazia, Finlandia, Irlanda, Lituania, Mazedonia, Polonia, Portugal, Erresuma Batua, Errumania, Ukraina eta Espainiako ordezkariak.

Jardunaldia "Osasuna eta sexu- eta ugalketa-eskubideak testuinguru humanitarioetan eta gatazka-testuinguruetan bermatzea: Ukrainako egoera" konferentziak irekiko du. Bertan, Joanna Scheuring diputatu poloniarrak, Marina Bardyna ukrainarrak eta Irina Trokhyn Ukrainako Women´s perspective zentroko kideak parte hartuko dute hizlari gisa.

"Erantzun orokorra. Erakunde multilateralek eta mundu akademikoak iritzia ematen dute: krisi humanitarioetan emakumeen eta nesken segurtasuna eta osasuna bermatzeko arauak" izenekoa izango da bigarren hitzaldia, eta bertan izango dira Jaume Nadal Roig (UNFPAren ordezkaria Ukrainan), Elisa Vanlerberghe (ANSER – Osasun eta Sexu eta Ugalketa Eskubideen Sare Akademikoa – Ganteko Unibertsitatea, Belgika) eta Julie Taft (Nazioarteko Planifikazio Familiarraren Ekintza humanitarioko zuzendaria).

Jardunaldia beste bi eztabaida-mahaik osatuko dute. Lehenengoan, "Aurreko egoera humanitarioetatik eta gatazketatik ikastea" izenekoan, Brenda Rousset Yepez (Sorbonne Nouvelle Unibertsitateko irakaslea/Venezuelako Unibertsitate Zentrala); Marta Royo Ruiz (Profamilia, Sexu eta Ugalketa Eskubideen zuzendari exekutiboa, Kolonbia) eta Bojan Glavasevic (Kroaziako diputatua) izango dira.

Bigarrenean, "Zer egin dezakegu SESErako (Sexu eta Ugalketa Eskubideak) sarbidea bermatzeko testuinguru ahuletan?", mahai berean bilduko dira Paul Ortega Etcheverry (Nazioarteko Lankidetzarako Euskal Agentziako zuzendaria), Lina Lopes (Portugalgo diputatua), Bojan Glavasevic (Kroaziako diputatua) eta Maria Guijarro Ceballos (diputatua eta Espainiako taldeko kidea).

Topaketa amaitzeko, Beatriz Artolazabal Berdintasunerako sailburuak eta Petra Bayr Sexu eta Ugalketa Eskubideei buruzko Europako Parlamentu Foroko presidenteak parte hartuko dute.

Asteartean foro hau Eusko Legebiltzarrean bilduko da, eta jardunaldiak arratsaldean amaituko dira Gernikako Bakearen Museoa eta Bizkaiko Batzar Etxea bisitatuz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak