Gizartea -
Aste Nagusiaren balorazioa
Udaltzaingoak Aste Nagusian izan duen "jarrera oldarkorra" salatu du Bilboko Konpartsak
Bilboko konpartsen federazioak salatu duenez, udaltzainak Aste Nagusia hasi zenetik oldartu dira "pertsona arrazializatuen eta manteroen" aurka eta eraso bat geldiarazten saiatu zen neska bat jipoitu zuten.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Jaiak amaituta, Bilboko Konpartsak Aste Nagusiaren balorazioa egin du eta "argiak eta itzalak" izan direla adierazi du. Alde negatiboan, eraso matxistak eta poliziaren indarkeria aipatu ditu.
Ildo horretan, Udaltzaingoak "jarrera oldarkorra" izan duela salatu dute konpartsek. "Jai-gunea kopetilun patruilatzen eta jai-giroa zapuzten ibili da Udaltzaingoa", deitoratu dute.
"Berriro salatu nahi dugu, lehenengo larunbatetik burutu dituzten manteroen kontrako erasoak, birziklatzen ditugun edalontzien jasoeran bolondres parte hartu izan duten Atxuri Harrerako arrazializaturiko lagunen aurkako oldarraldia edo larunbat gauean, kanpotik etorritako lagun batzuen kontrako sarraskia baretzen saiatu zen neska bati emandako jipoia. Testuinguru horretan kokatzen dugu alkateak bilbotarroi bidali digun 'A por ellos' mezua", salatu dute.
"Argi dugu bortizkeria poliziala gure jai eremutik kanpo nahi dugula. Gehiegikeria poliziala eta eraso matxistak salatzeko giza-katea egin genuen larunbat arratsaldean. Argiki adierazten dugu, Bilboko Konpartsok ez ditugula onartzen udaltzainek hainbatetan erakutsitako biolentzia eta erreakzioa, ezta horien jarrera bortitz, harroputz, oldar, haserre eta maskulinitate-eredu inposatzailea ere", azpimarratu dute.
Halaber, polizia kopuru handiak segurtasuna bermatzen ez duela iritzi diote. Alderantziz, "oso efektu kontrakoa eragiten du; jai-guneko eta hiriko segurtasuna aztertzeko orduan hausnarketa sakonagoa egin behar da eta berau bermatzeko oso bestelako bide eta lanketak behar dira", erantsi dute.
Horrez gain, festetan izan diren eraso matxistak salatu dituzte. "Gure eskuetan zeuden bitarteko guztiak ezarri arren, tamalez, aurten ere, agertu dira erasotzaileak Aste Nagusian. Emakumeak jazarri, erasotu, beldurrarazi egiten dituzten horiek ez dute lekurik gurean. Dagokigun espazioa gureganatuko dugu, Aste Nagusia gurea da, jai herrikoiak gureak dira", adierazi dute.
Aste Nagusiaren alde positiboa
Bestalde, aurtengo Aste Nagusiaren alde onak asko izan direla nabarmendu dute eta, ildo horretan, Iratxe Palacios txupineraren eta Itziar Lazkano pregoilariaren "lan bikaina" goraipatu dute: "Bikote ederra osatu dute bi ikonoek; harro esan dezakegu bilbotarrok gure jaiak berdintasunaren aldeko eremua ere badirela. Zorionak eta eskerrik asko bihotzez!".
Era berean, Itziar Urtasun Bilboko Jaietako Batzorde Mistoko presidentea eta Jaietako zinegotziaren eta bera lantaldearen jarrera eskertu dute, konpartsekin izan duten harremanagatik "eta arazoak konpontzeko erakutsi duten prestutasunagatik".