Gizartea -
GIPUZKOA
Donostiako Euskal Jaiak bueltan dira, nobedadeekin eta adin guztientzako egitarauarekin
Euskal Jaiak abuztuaren 31tik irailaren 11ra bitartean ospatuko dira. Guztira, 61 ekintza antolatu dituzte, tarten Sagardo Eguna, Elkanoren Eguna eta Kontxako Bandera.
EITB MEDIA
Pandemiaren eraginez bi urtetan bertan behera utzi beha izan eta gero, berriro ospatuko dituzte Euskal Jaiak Donostian. Egitarau zabala antolatu dute eta hainbat berritasun izango dira aurtengo edizioan. Besteak beste, Sagardo Eguna, Elkanoren Eguna, 1813-2022 Ate Zaharberriak ikuskizuna, Poesia Orduak edo Gaztelu Eguna izango dira gozagarri.
Asteazkenean, abuztuak 31, hasiko dira Kontxako Banderetarako emakumezkoen eta gizonezkoen sailkapenekin, eta igandean, irailak 11, amaituko dira, Kontxako Banderen banaketekin.
Horrela, aurtengo programazioa 11 egunetan zehar garatuko da, eta, guztira, 61 jarduera egingo dira mota guztietako ikusleentzat.
Udalak ohar batean azaldu duenez, Sagardo Eguna irailaren 3an, larunbata, ospatuko da Konstituzio Plazan, goizeko 11:00etatik 13:45era. Hasiera Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko 38 sagardogilek ekoitzitako sagardoen dastaketak emango dio. Sagarra prentsatzeko artisau-prozesua ere zuzenean ikusi ahal izango da, eta 2022ko uztako lehen muztioa dastatzeko aukera egongo da. Berritasun gisa, sagardoa kopan gozatuko da aurten.
Halaber, Euskal Sagardoaren jatorria diren bertako sagarren erakusketa egongo da ikusgai, eta injerto motei eta horien teknikei buruzko tailerrak eskainiko dira.
Amaitzeko, topa eta hainbat omenaldi. Besteak beste, eskertza eta aitortza berezia Otsua-Enea Sagardotegiko Ximon Etxeberriari, omenaldia egin aurretik zendu zena, eta Petritegi Sagardotegiari, urteetan zehar beraiek izan baitira Konstituzio Plazan pintxoak eskaini dituztenak.
Elkanoren Eguna
Juan Sebastian Elkanoren irudia ere gogora ekarri nahi dute Euskal Jaiek, munduari egindako biraren 500. urteurrenean. Horrela, irailaren 6an, asteartea eta egun osoan zehar, hainbat jarduera izango dira gozagarri.
Goizean, 11:30etik 13:30era, eta arratsaldean, 15:30etik 18:30era, Eko Txokoa irekiko da, parke ludiko, hezitzaile eta didaktikoaren kontzeptu berria, adin guztietarako egokia, baliabide naturalen zentzuzko erabilera sustatzeko. Horrez gain, itsas gaietako puzgarriak izango ditu txikienentzat, eta Elkano irudikatzen duen buruhandi bat ere bai, haurrek argazkiak atera ditzaten.
19:45ean eta 21:00etan Easo Abesbatzak Aitona Julian III itsasontzitik abestuko du, kaitik joko duen piano baten laguntzarekin. Halaber, Kresala Dantza Taldeak Amoria & Dolore Elkano Lehen Mundu Bira ikuskizuna eskainiko du Aquarium pareko arrapalan.
Poesia Orduak eta Gaztelu Eguna
Aurten ere Poesia Orduak ekimena itzuliko da. Hala, irailaren 7an, asteazkena, eta 19:00etan, Victoria Eugenia Antzokian, Alaska ikuskizuna izango da, Castillo Suarez idazlearen eta Juantxo Zeberio musikariaren eskutik. Ostegunean, hilaren 8an, Joseba Sarrionandiak eta Ines Osinaga soinujole eta abeslariak hartuko dute lekukoa, Olatu arteko txalupe arraroa ikuskizunarekin.
Nobedade gisa, aurten 1813-2022 Ate Zaharberriak oroimenezko ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da irailaren 9an, ostirala, 20:30ean Irun Plazan. Apustu eszeniko honek gure hiriaren historia zeharkatuko du, 1180an sortu zenetik gaur egunera arte, 1813an jasan zuen suntsipen eta arpilatze esperientzia izugarritik igaroz.
Halaber, irailaren 10ean, larunbata, Gaztelu Eguna ospatuko da, hiria berreraikitzeko eta 1813an Zubietako Aktak sinatzeko erabakia gogorarazteko. Ekitaldiak 11:30ean hasiko dira, Trinitate plazatik Urgulleko gaztelura irteera batekin, eta 20:30ean amaituko da Konstituzio Plazan Zubietako Aktak irakurriz.
Gastronomia, kirola eta kultura
Ekitaldi hauetaz gain, mota guztietako ikusleei zuzendutako beste jarduera asko ere izango dira gozagarri: gastronomiarekin lotutako jarduerak, hala nola Alde Zaharreko Jai Batzordeak antolatutako Marmitako Lehiaketa edo Sarriegi Plazako Sardina Jatea. Kirol-jarduerak, besteak beste, badiaren igerian zeharkaldia, pilota txapelketak eta estropadak; eta, azkenik, euskarazko kulturarekin lotutako jarduerak, hala nola, Donostia Bertsotan.