Gizartea -
migrazioaren drama
Mikel Epaltza Urruñako apaiza: "Ezin da eliza batera armekin sartu jendea atxilotzeko"
Polizia Urruñako elizara sartu eta 10 pertsona migratzaile atxilotu izana salatu dute dozenaka lagunek eliza atarian. Hamar atxilotuetatik 8 kanporatu egin dituzte.
eitb media
Dozenaka lagunek bat egin dute gaur arratsaldean Urruñako elizaren aurrean, atzo Poliziak bertan garatutako operazioa salatzeko. 18:00etan bildu dira bertan, "Elkartasuna ez da delitua" leloa zeraman pankartaren atzean.
Atzo arratsaldeko lehen orduan 10 pertsona migratzaile atxilotu zituzten eliza barruan, bertan babes hartuta zirela. Elkarretaratzera hurbildu den jende andana ikusita, "ikusten dugu gure herriak baduela arima. Mila esker, zinez" adierazi dute Bidasoa elkartasun sareko kideek.
Elkarretaratzean izan da Mikel Epaltza Urruñako apaiza eta gogor salatu du gertatua. Elizak etorkinei beti eman diela babesa adierazi du eta eliza toki sakratua dela gogorarazi du: "Etorkinei gure sustengua agertzeko gaude hemen, eta gure haserrea erakusteko ere bai. Eliza ez da edozein etxe, toki sakratua da eta behar da errespetatu. Aterpe etxea izan da mendeeta zehar eta ezin da horrela armekin sartu jendea atxilotzeko. Anaiak dira Afrikatik eta etortzen diren etorkinak, usu etortzen dira elizara, astero edo egunero, badakitelako hor aterpetuak izango direla eta lagunduak Baionara eramateko" azaldu du.
Filipe Aramendi Urruñako alkateak ere gogor salatu ditu atxiloketak. Euskadi Irratiari adierazi dio eliza "toki publikoa" dela, eta badituela "balore etikoak eta humanoak". Horregatik, erabat gaitzetsi du hark ere gertatua.
Atxilotuetako 10 pertsonetatik 8 kanporatu egin dituzte, eta beste biak, adin txikikoak, ez.
Ez da lehen aldia Urruñan migratzaileak atxilotu eta mugaren beste aldera eramaten dituztela.