Gizartea -

nbe

Babestuko dituen itun baten zain jarraitu beharko dute ozeanoek

NBEk bi asteko negoziaketak amaitu ditu ostiral honetan, 2018tik mahaigainean dagoen ozeanoak babesteko nazioarteko itun baten ingurukoak.

"Sea lion with a starfish", Hannes Klostermannen argazkia, La Pazen (Mexiko). Irudia: EFE
"Sea lion with a starfish", Hannes Klostermannen argazkia, La Pazen (Mexiko). Irudia: EFE
"Sea lion with a starfish", Hannes Klostermannen argazkia, La Pazen (Mexiko). Irudia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ozeanoek babestuko dituen itun baten zain jarraitu beharko dute, ostiral honetan NBEren bi asteko bilerak akordiorik gabe amaitu ondoren, baina laster lortuko dutelako itxaropenarekin.

New Yorken gau betea zela, negoziatzaileek amore eman zuten, eta erabaki zuten denbora gehiago beharko dutela 2018tik eztabaidatzen ari diren naziorteko itun hori lortzeko. Hori dela eta, bosgarren eta azken negoziaketa erronda bertan behera uztea erabaki zuten, eta oraindik zehazteko dagoen beste une batean berrartzea.

Hala iragarri zuen Rena Lee ituna hitzartzen ari den biltzarreko buruak, akordio baten bila azken orduko jarrera aldaketen saiakeran egindako zenbait bileraren ostean. Leeren arabera, "helmugatik inoiz baino gertuago gaude" gaur, baina denbora gehiago beharko da prozesua itxi ahal izateko.

Mundu osoko herrialdeak hitzartzen ari diren itun horrek eskumen nazionaletik kanpoko itsas eremuen (itsas zabala) kontserbazioa eta erabilera jasangarria bermatzea du helburu. Ozeanoen etorkizuna bermatzeko ekologistek funtsezkotzat jotzen duten tresna da, eta hamarkadak dira aldarrikapen hori bizirik dagoela, baina ez dio atzerapenak pilatzeari utzi.

2018an abiatu ziren negoziazioak modu ofizialean, eta 2020rako itun bat izatea zen helburua, baina plan horiek bertan behera gelditu ziren covid-19ak eragindako pandemia bitarteko, eta prozesu osoa atzeratu zuen horrek. Orain, ituna 2022rako lortzea zuten xede, baina zaildu egin da negoziaketa erronda honen porrotaren ostean, alde batera utziko ez bada ere.

Greenpeaceren arabera, aurten itunik ez izatekotan, oso zaila izango da 2030erako ozeanoen % 30 babesteko helburua betetzea. Herrialde ugarik hartu dute jomuga hori lortzeko konpromisoa, eta zientifiko askorentzat minimo hori bete behar da itsasoko ekosistemak jasaten ari diren presioaren ostean suspertzeko.

Kutsadura, klima aldaketa eta itsaspeko meatzaritzari zein arrantza intentsiboago bati atea irekitzen dieten teknologia berriak dira, adituen arabera, itsas zabalerako mehatxu nagusiak, ozeanoen hiru laurdenetarako alegia.

Bosgarren negoziaketa erronda arrakastatsua izan ez bada ere, tartean dauden ordezkaritza nazional eta gobernuz kanpoko erakunde gehienek azken orduetan lortutako aurrerapenen garrantzia nabarmendu dute, eta baikor agertu dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa munduan NBE albisteak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Ekologia gaur Larrialdi klimatikoa albisteak