Gizartea -

Homofobia

Gizon trans bati hitzez eraso diote Bilbon, LGTBI+ Euskal Behatokiak salatu duenez

Eraso homofoboa Aste Nagusiko lehen gauean gertatu zen, azaldu dutenez, koadrila batek gizon bat iraindu eta mehatxatu zuen. Behatokiak beste bost gertakari homofoboren berri izan du uda hasi zenetik.

I.G. | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LGTBI+ Euskal Behatokiak Bilbon abuztuaren 20an, hots, Aste Nagusiko txupinazoaren egunean, 22:00ak aldera gizon trans batek izandako gertakari homofobo baten berri eman du.

Behatokiaren arabera, "17 eta 20 urte bitarteko neska-mutil kuadrilla batek lau pertsona eraso zituen hitzez. Zehazki, horietako bat, gizon trans bat, fisikoki iraindu eta mehatxatu zuten".

Horrez gain, LGTBI+ Euskal Behatokiak salatu duenez, abuztuaren 6an, Bilboko artista drag bati hitzezko erasoak egin zizkion gazte-talde batek metroan lanera zihoanean, larderia fisikoa jasan zuen, baita heriotza-mehatxuak ere ere.

"Hori guztia gertatu zen ia beteta zegoen bagoi bereko gainerako bidaiariek hari laguntzeko ezer egin ez zuten bitartean", azaldu du.

Behatokiak Euskadin uda hasi zenetik izan diren beste gertakari homofobo batzuk ere aipatu ditu. Hala, uztailaren 25ean, Boluetako Santana/Fever diskotekaren kanpoaldean, gizon batek emakume trans gazte bat harrapatu zuen autoarekin.

Gasteizko jaietan, halaber, beste bi gertakari homofobo izan ziren. Lehena abuztuaren 8an, Alde Zaharrean, eta bigarrena hurrengo egunean, txosnen gunean, eraso fisiko bortitz batekin eta irain homofoboekin.

Azkenik, "Behatoki honek salaketa anonimo bat jaso du, kasu honetan Idiazabalgo bizilagun batzuekin lotutakoa, dirudienez, herri horretan behin eta berriz gertatzen ari diren irain eta hitzezko eraso homofoboei buruzkoa".

Hala, Euskal LGTBI+ Behatokiak udalbatza guztiei, eta bereziki haien arduradun nagusiei, jarduketa irmoak eta berehalako erantzunak ematea eskatu die.

Horretarako, Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak uztailean zabaldutako Gorroto arrazista, xenofobo, antigitano eta LGTBIfobikoko gertakarien aurrean tokian-tokian jarduteko gidara jotzea eskatu du. 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Delituak Gizartea Eguneko albisteak Homofobia Albisteak LGTBI