Gizartea -
Erasoa Miarritzen
Avironeko bigarren entrenatzailea eta prestatzaile ohi bat epaiketaren zain, erizain bati eraso egiteagatik
Akusatuak Aguilera Klinikara joan ziren, mozkortuta oraindik ere, aurreko gauean hirurak festan ibili ostean istripua izan eta ospitaleratu behar izan zuten lagun bat bisitatzera, Ersaoaren ostean ihes egin zuten, baina atxilotu eta epailearen esku utzi zituzten.
O. P. | EITB Media
Antoine Battut Aviron Bayonnaiseko bigarren entrenatzailea eta Cyril Gomes prestatzaile fisiko ohia zaintzapeko askatasunean daude, eta epaiketaren zain, erizain batek jasandako erasoaren egileak direlakoan.
Sud-Ouest eta France Bleu komunikabideek berri eman dutenez, gertakariak astearte goizean jazo ziren, 07:00ak baino lehen, Biarritzeko Aguilera Klinikan, bi gizonak aurreko gauean motor istripu bat izan ondoren ospitaleratu zuten lagun bat bisitatzera joan zirenean.
Hirurak parrandan ibiliak ziren gaueko klub batean, eta lagunak ezbeharra izan zuen irteeran. Battut eta Cyril mozkortuta zeuden ospitalera joan zirenean.
Poliziak jasotako testigantzen arabera, oraindik zabaldu ez diren arrazoiengatik, tentsioa igo egin zen une batetik bestera, eta atxilotuetako batek ukabilkada bat eman zion aurpegian erizain bati, eta hura lurrean geratu zen etzanda eta zaurituta.
Erasotzaileek ihes egin zuten Polizia zetorrela ikusita, baina berehala atxilotu zituzten. Aipatutako hedabideen arabera, Battutek gertakariak aitortuko lituzke, eta Cyrilek, berriz, bi gizonen artean esku hartu nahi izan zuela ziurtatu du.