Ekonomia -
Aurrezte energetikoa
Argindarraren eskaria % 3,7 jaitsi da Espainiako Estatuan aurrezteko neurriak ezarri eta astebetera
Neurrien artean, hozteko termostatoaren tenperatura mugatzea dago, baita gauez erakusleihoetako eta eraikin publikoetako argiak itzaltzea ere.
agentziak | EITB MEDIA
Argindarraren eskaria % 3,7 jaitsi da abuztuaren bigarren astean, Espainiako Gobernuaren energia aurrezteko neurriak aplikatzen hasi baitira, Teresa Ribera presidenteorde eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako ministroak asteazken honetan jakitera eman duenez.
Riberak "bero-bolada betean izandako murrizketa garrantzitsutzat" jo du jaitsiera hori, Mahonen (Menorca, Balear Uharteak) emandako prentsaurreko batean. Orain astebeteko ezarri zituzten neurriok, eta Ukrainako gerraren testuinguruan kontsumoa murrizteko klimatizazioan energia aurrezteko eta kudeatzeko Errege Dekretuaren neurrien funtzionamenduaren balantzea egin du agerraldian.
Ministroak abuztuaren 8tik 14rako aste horretako eskari elektrikoaren jaitsiera "etxeen eta enpresen sentsibilitate handiagoari" egotzi dio, "bat egin dutelako energiaren erabilera arduratsuari eta termostatoaren tenperatura murriztea eskatzen zuen lege-dekretuko neurriekin, baita 22:00etatik aurrera hutsik dauden erakusleihoetako eta eraikin publikoetako argiteria hozteko eta itzaltzeko ere".