Gizartea -

Gasteiz

Gasteizko jaietan izandako bi eraso homofoboak salatu dituzte erakundeek eta LGTBI+ elkarteek

Besteak beste, Gasteizko Udalak, Jaurlaritzak, Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako behatokiak eta EH Bilduk gaitzetsi dituzte bi gizon homosexualek azken egunotan pairatutako erasoak.

Erasoetako bat Gasteizko Alde Zaharrean izan zen. Argazkia: Guillermo Aguirre
Erasoetako bat Gasteizko Alde Zaharrean izan zen.
Erasoetako bat Gasteizko Alde Zaharrean izan zen. Argazkia: Guillermo Aguirre

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko jaietan salatutako bi eraso homofoboak gaitzetsi dituzte EAEko erakundeek, LGTBI+ kolektiboaren aldeko elkarteek eta ordezkari politikoek.

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eman du erasoen berri Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketa batean.

Ohar batean, erasook "irmo gaitzetsi eta baztertu" ditu Gasteizko Udalak, eta "babesa eta hurbiltasuna adierazi biktimei eta horien inguruari". Zehaztu duenez, biktimen esku jarri ditu Udalaren baliabideak eta Indarkeria Matxistari Erantzuteko Gasteizko Udaleko Protokoloa martxan jarri du.

Gogorarazi duenez, "indarkeria matxista giza eskubideen urraketa larria eta lehen mailako arazo soziala da, emakumeen eta LGTBI kolektiboko pertsonen duintasunaren eta segurtasun fisiko eta moralaren aurka egiten baitu. Indarkeria hori ez dira ekintza isolatuak, gure gizartea egituratzen duten jokabide esplizituen, normalizatutako mezuen eta mezu sinbolikoen sarea baizik; gizonek emakumeak eta LGTBI kolektiboko pertsonak mendean izateko eta indarrean dagoen sistema heteropatriarkalak ezarritako mugetatik ateratzen diren gorputzak, ereduak eta/edo jokabideak ez izateko helburua dutenak, alegia".

Hala, Udalak "konpromisoa" agertu du "indarkeria matxistarik gabeko bizitzak bermatu" ahal izateko.

Bestalde, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak ere erasook salatu ditu. Twitterren duen kontuan azaldu duenez, gertatutakoa "intolerantzia, errespetu falta eta giza eskubideen eta bizikidetzaren aurkako atentatua" da.

Halaber, erasotzaileei, edota "ertzainak eta Mikel Iturgaitz jazarri" zituztenei adierazi die "euskal gizarte osoa aurrean izango dutela".

Bien bitartean, Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako behatokiak nabarmendu du Gasteiz "hamaika aldiz" agertu dela indarkeria matxistaren kontra, eta argi erakutsi duela eraso horiek ez dutela lekurik Gasteizko kaleetan. "Lanean jarraituko dugu gure kaleetan, gure etxeetan, gure lanpostu eta bizitzako espazio bakoitzean LGTBIfobiak tokirik izan ez dezan", aldarrikatu du.

Sare sozial berean Ikoitz Arrese EH Bilduko legebiltzarkideak ohartarazi duenez, ez dute "inolako eraso LGTBI+fobikorik onartuko", eta esan du euskal gizartea jaiak aske gozatzeko "antolatu eta saretuko" dela. Era berean, koalizioaren izenean babesa eta elkartasuna adierazi die biktimei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Andre Maria Zuriaren Jaiak Eusko Jaurlaritza Gizartea EH Bildu Eguneko albisteak Gasteiz Homofobia Albisteak Jaiak Matxismoa LGTBI