Gizartea -
TRAFIKOA
Bypassa jarri dute N-1en, Tolosa parean, errepidearen zorua berreraikitze-lanengatik
Bi aste iraungo dute obrek, abuztuaren 6tik 21era. 3,5 tonatik gorako kamioiek debekatuta izango baitute Andoain eta Beasain artean zirkulatzea.
EITB MEDIA
Gaurtik abuztuaren 21era bitartean, N-1 errepideko zoruaren egitura berreraikitzeko eta birgaitzeko lanak egingo ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak Tolosan, 434,340 eta 434,730 kilometroen artean, Gasteiz-Irun noranzkoan. Obrak direla eta, errepidea moztuta egongo da 1,5 kilometroko tartean, eta bypassa egingo da tarte horretan bi noranzkoetan zirkulatzeko.
Foru Aldundiak jakinarazi duenez, abuztuaren 6tik 21era, biak barne, 08:00etatik 20:00etara, N-1 errepidetik pasatzea debekatuko zaie 3,5 tonatik gorako zama-masa duten ibilgailuei, Andoain eta Beasain arteko tartean, jatorria edo helmuga tarte horretan duten ibilgailuei izan ezik.
"N-1 errepidearen zati horretan, beharrezkoa da lehendik dagoen zorua berregitea, errepidearen egitura-ahalmena lehengoratu ahal izateko", azaldu du Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak. "Aurreikusitako jarduerak konplexuak dira eta ezin dira asteburu bakarrean egin; horregatik programatu dira zirkulazio txikieneko urteko bi asteetan egiteko. Hala eta guztiz ere, trafiko handiko errepidea da, eta gerta litezkeen auto-ilarak aurreikusiz, beste bide batzuk erabiltzea gomendatzen dugu obrek irauten duten bitartean", gehitu du.
Lanek eraginda Tolosa erdialdeko lotunean (N-1-434), Tolosarako irteera-adarra moztuta egongo da eta ibilgailuek Tolosa Hegoaldearen aurreko irteera hartu beharko dute (N-1-433) edo Tolosa Iparraren iparraldeko lotuneraino (N-1-436) jarraitu, Tolosa, Ibarra edo Lizartzara sartzeko.
3,5 tonatik gorako ibilgailuei 08:00etatik 20:00etara ezarri zaien debeku hori zirkulazioaren bi noranzkoetarako izango da eta ezarritako masa muga gainditzen duten ibilgailu horiek ordezko ibilbide hauek hartu beharko dituzte:
- Nafarroatik Gipuzkoarako ibilbide luzeetan, A-15 errepidea erabiltzea gomendatzen da, Irurtzundik Andoaineraino. Gipuzkoatik Nafarroara doazenen kasuan, A-15 errepidea erabili beharko dute, Andoaindik Irurtzuneraino.
- Goierritik datozen tona handiko kamioiei Olaberriako N-1-417 lotunetik A-636 autobiara (Beasain-Durango) sartzeko gomendatzen zaie, eta AP-1 eta AP-8 autobideak erabiltzea.
Gidariei obren berri emateko panelak ondorengo puntuetan jarriko dira: AP-1 Astigarragan, N-1 Andoainen eta Olaberrian, A-636 Ormaiztegin eta A-1 Olazagutian. Halaber, errepide-sareko hanbat puntutan ere jarriko dira panel mugikorrak.