Gizartea -

indarkeria matxista

Bi gizon atxilotu dituzte Gasteizen, bikotekideei eraso egitea egotzita

Bestalde, 31 urteko gizon bat atxilotu dute, sexu abusu eta eraso delituak egotzita. Izan ere, ukituak egin zizkion emakume bati taberna batean, eta jarrera aurpegiratu zion lokaleko atezaina ere kolpatu zuen.

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Udaltzaingoak 36 eta 37 urteko bi gizon atxilotu ditu, bikotekideari eta bikotekide ohiari eraso egitea egotzita, hurrenez hurren.

Aurreneko atxiloketa iragan ostiralean egin zuten. Gizona etxebizitza batean atxilotu zuten bikotekidea jipoitzea leporatuta.

Bigarrena bikotekideari kalean bertan eraso egin ondoren atxilotu zuten, Udalak astelehen honetan ohar batean jakitera eman duenez.

Bestalde, 31 urteko gizon bat atxilotu dute, sexu abusu eta eraso delituak egotzita. Izan ere, ukituak egin zizkion emakume bati taberna batean, eta jarrera aurpegiratu zion lokaleko atezaina ere kolpatu zuen ondoren.

Igande goizaldean izan ziren gertakariok; Gasteizko Alde Zaharreko ostalaritza lokal batean dantzan ari zen emakume bati ukituak egin zizkion 31 urteko atxilotuak, Gasteizko Udalak ohar batean jakitera eman duenez.

Lokaleko atezainak egindakoa ikusi zuen, eta arreta deitu zion jarreragatik. Ohartarazpenen aurrean, emakumeari ukituak egiten ari zitzaizkion gizona eta harekin zihoazen beste hiru pertsona atezainari erasoka hasi ziren.

Lokaletik atera ostean, inguruetan aurkitu eta atxilotu zituzten lau gizonak, biktimek San Frantzisko Aldapan zaintzan ari zen patruila baten aurrean gertatutakoa salatu ostean.

Lehen gizonari, 31 urtekoari, sexu abusu eta eraso delituak egotzi dizkiote; eta beste hirurei, 25 eta 27 urte artekoak, eraso delitua.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Euskal herriak Araba Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea albisteak Indarkeria matxista Prentsa digitalaren azken orduko Gasteiz albisteak Gaurko azken ordukoa Matxismoa gaur