Gizartea -
lehen arreta
Amaia Mayor (SATSE): "Protokolo argia eta segurtasun juridikoa eskatzen dizkiogu Osakidetzari"
SATSE erizaineen sindikatuko bozeramaileak Lehen Arretaren egoera salatu du larunbat honetan Radio Euskadin.
eitb media
Ez da berria uda sasoian anbulatorio, osasun etxeetan eta herri txikietako mediku kontsultetan ordutegi eta langile murrizketak izatea eta zenbait kontsulta ixtea ere bai. Baina aurten, pandemiaren erasana jasan ostean, Lehen Arretaren egoerak okerrera egin duela dioten ahotsak ugaritzen ari dira.
Profesional falta dago, zenbait zentrotan mediku falta nabarmena, eta ondorioz, aurten bereziki, erizanei egokitzen ari zaie mediku lanak egitea. Amaia Mayor SATSE erizainen sindikatuko bozeramaileak Radio Euskadin salatu du baldintza ezegonkor eta onartezinak dituztela eta, diskriminatuak eta mespretxatuak sentitzen direla.
Mediku faltaren ondorioak zuzenean pairatzen ari direla diote erizainek, euren bizkarrean jarri delako arretaren zama kasu askotan eta, hori gutxi ez eta gutxietsi, diskriminatzen dituztelako. Mayorren arabera, "une honetan Osakidetzak medikuei aplikatzen dizkie neurri horiek, baina erizainoi ez digu tratu bera ematen, eta hori diskriminazio zuzena da".
Tratu bera eskatu dute osasun langileen kolektibo guztientzat. Izan ere, bestelako lanak egin behar izateaz gainera, erizainei egokitzen ari zaie bi edo hiru pertsonaren lana egitea, txandak bikoiztu behar izatea, atseden egunak murriztea eta egun libreetan lanera joatea. Lan-zola handitzea eta segurtasuna eskatu dituzte. Era berean, "protokolo argia izatea eskatzen diogu Osakidetzari, eta segurtasun juridikoa erizainek euren lana egitean".
Osasun Sailak berak emandako datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan gutxienez 65 zentrotan egin dituzte murrizketak (batez ere, Tolosaldean eta Bizkaia barnealdean), 14 kontsulta erabat itxi dituzte, 33 kontsultatan ordutegia murriztu dute eta beste 18tan ez dago medikurik; erizainek ematen dute arreta.
Lehendakariak ostiralean bertan adierazi zuen lehen arreta udan ere bermatuta dagoela eta osasun zentroen % 95 zabalik daudela.
Hala ere, hilabete honetan bertan, Euskadik eta Galiziak Lehen Mailako Arretan mediku gehiago eskatu dizkiote Osasun Ministerioari.