Gizartea -
Sutea
Siloseko fraideak monasteriotik atera dituzte, eta beste 500 lagun, etxeetatik sute baten ondorioz
Sutea igande arratsaldean piztu da Quintanilla del Coco udalerrian, eta dozena erdi udalerri hustu dituzte. Monasterioan bizi den komunitatea 1835ean irten zen azkenengoz Mendizabalen Desamortizazioaren ondorioz.
EITB MEDIA
Santo Domingo de Siloseko monasterioko fraideak eta inguruan bizi diren beste 500 bat bizilagun etxeetatik atera dituzte igande arratsaldean sute batengatik Burgosen. Sutea igande arratsaldean piztu da Quintanilla del Coco udalerrian, eta dozena erdi udalerri hustu dituzte Gaztela eta Leongo probintzia horretan. Hain zuzen, Santo Domingo de Siloseko monasterioan bizi den komunitatea 1835ean irten zen azkenengoz Mendizabalen Desamortizazioaren ondorioz.
Testuinguru horretan, Santo Domingo de Silos udalerriko herritar guztiak atera dituzte herritik errepidez, eta Salas de los Infantes udalerrira eraman dituzte, 17 kilometrora. Guztira, sei udalerri hustu behar izan dituzte, sua gertu baitzegoen igandean; Quintanilla del Coco herritik oso hurbil piztu bada ere, udalerri hori ez dute hustu, hasieran esan duten bezala, baizik eta bertako etxeren bat soilik.
Santo Domingo de Silos ez ezik, beste herri hauek ere hustu dituzte: Santibañez del Val, Carazo, Villanueva de Carazo, Hacinas eta Castroceniza. Guztira, 500 herritar baino gehiago dira; hortaz, batzuk Burgoseko hiriburura eraman dituzte.
Gaztela eta Leongo Gobernuaren iturriek azaldu dutenez, lehen ikerketaren arabera, sutea nahita piztu omen dute, edo zuhurtziagabekeria baten ondorioa omen da.