Gizartea -
Suteak Landetan
14.800 hektarea baso kiskalita eta 16.000 pertsona baino gehiago ebakuatuta Girondan
1.700 suhiltzaile ari dira garren kontra lanean, 6 Canadair (hegazkin anfibioak) eta 3 Dash hegazkinen laguntzarekin, eta suteak oraindik kontrolatu ez dituzten arren, ez dago biktimarik momentuz. Gaur Landirasen 3.500 pertsona ebakuatzea aurreikusten da.
O. P. | EITB Media
Landak eta Gironda artean uztailaren 12an hasitako bi suteek aurrera egiten jarraitzen dute. Astelehen goizera arte 14.800 hektarea baso kiskali dira eta 16.000 pertsona baino gehiago ebakuatu behar izan dituzte.
Teste-de Bucheko sutean 4.300 hektarea baso erre dira eta 10.000 pertsona ebakuatu dituzte egun hauetan. Sua laku inguruko kanpinetara ez iristeko lanean ari dira ordu honetan, eta, gauean, sugarrak hondartzako instalazioetara, etxoletara eta jatetxeetara iristea saihestu ahal izan dute. Halaber, Cazaux-Sanguinet lakuaren mendebaldeko zatian nabigatzea debekatu dute, baita Arcachongo arroaren hegoaldeko sarrerako portuaren sektorean amarratzea ere.
Landiraseko sutean, Langon barrutian, 10.000 hektarea erre dira eta 6.200 pertsona ebakuatu dituzte. Gaur egun, Landiras, Budos eta Balizac herrietako 3.500 pertsona inguru ebakuatzea aurreikusten da.
Frantzia osoko 1.700 suhiltzaile inguru ari dira inguru horretan lanean, aireko baliabide garrantzitsuen laguntzarekin (6 Canadair hegazkin anfibio eta 3 Dash hegazkin; Frantzia osoan suteen aurka borrokatzeko dauden hegazkinen erdiak). Suhiltzaileen jardunari esker, azken gauean, sua etxebizitzetara iristea saihestu ahal izan da, eta gauean ez da ebakuazio berririk izan. Agintarien arabera, ez da biktimarik izan oraingoz.