Gizartea -

koronabirusa

Felix Zubia: "Covidagatik ospitaleratuek % 42 egin dute gora, baina oraingoz kasu larriak ez dira hainbeste"

Donostia Ospitaleko ZIUko zerbitzuburuak Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioan adierazi duenez, koronabirusaren aldaera berriak etengabe garatzen ari dira eta "kutsakorragoak" dira, baina badugu horien aurrean defendatzeko immunitaterik. Ospitaleak estutu daitezkeela dio, baina ZIUetan lasai daude.

Felix Zubia, Donostia Ospitaleko ZIUko zerbitzuburua. Artxiboko argazkia: EITB Media
Felix Zubia, Donostia Ospitaleko ZIUko zerbitzuburua. Artxiboko argazkia: EITB Media
Felix Zubia, Donostia Ospitaleko ZIUko zerbitzuburua. Artxiboko argazkia: EITB Media

play icon 28:03

itxaso leon kareaga | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirus kasuak gorantz doaz azkenaldian eta, kasuen zenbaketan 60 urtetik gorako positiboak bakarrik aintzat hartzen badira ere, badakigu azken hilabete honetan koronabirusagatik ospitaleratutakoen kopuruak % 42 egin duela gora. Zainketa berezien sailetan, ordea, momentuz ez dute horrelako gorakadarik antzeman; alegia, kasu larriak ez dira hainbeste. Hildakoak ere badira, baina gehienak adinekoak eta inmuno eskasia dutenak. Omikronen bi aldaeraz ari dira adituak, BA4 eta BA5, horiek zazpigarren olatu betean kokatuko gintuzketelarik. Felix Zubia medikuak eta Donostia Ospitaleko ZIUko zerbitzuburuak datuok izan ditu hizpide Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioan, zalantzak argitze aldera.

Aste "lasaia" izan dela dio Zubiak, otsailaren erdialdetik nabari duten jaitsiera nabarmenaren ostean. Omikronek, immunitateak edo txertoek aldaketa ekarri zutela esan du, baina hori bateragarria da azkenaldiko kasuen gorakadarekin.

Gaitzaren lehen aldaeretan, horien kutsakortasun handiagoa eta gure gorputzaren ohitura eza medio, "immunitate berri bat sortu behar genuen, egoera berri horretara egokitzeko". Hori hobeto ulertzeko, koronabirusaren banaketa zikloa azaldu du medikuak: infekzioa goiko arnasbideetan ugaltzen da lehenik, eta defentsa naturalak ez dira espezifikoak horren aurka. "Kasu gehienetan hor geratzen da, baina batzutan biriketara jaitsi eta gorputzean barreiatzen da".

Pertsona askok neumonia larria garatzen zuten orduan, birusak jaisteko eta birikak zigortzeko gaitasun handia baitzuen, eta erantzun immunitarioa desegokia zen batzuentzat. Izan ere, erantzun immunitario espezifikoa behar dute horrelako kasuek, antigorputzak edo linfozitoak esate baterako, eta ondo bideratuta (kortikoideekin, kasu) egoera zaindu daiteke.

Omikron aldaerarekin eta txertoekin "asko aldatu zitzaigun" egoera: erasokortasuna galdu du, ez dauka birikak zigortzeko hainbeste erraztasunik eta nahiago izaten du arnasbideetan bizitzea. Hori dela eta, birusa bera arinagoa da, baina baita "kutsakorragoa" ere.

"Birusak badu gaitasuna arnasbideetan ugaltzeko, baina gure gorputzak defendatzekoa garatu du"

Gainera, immunitatea garatuta, gure gorputzarentzat "ez da birus berria", hortaz, erraz ugalduko zaigu goiko arnasbideetan (katarroak edo infekzioak sortuz), baina "pertsona gehienok badugu immunitate espezifiko hori, eta birusa asko aldatu arren, gelditu egiten du". Salbuespen gisa aipatu ditu adinekoak eta bestelako arrisku taldeak, horien kasuan immunitate mota hori ez baita hain indartsua, eta gaitz larria garatu dezakete.

Dena dela, nabarmendu du birusaren aldakortasuna eta etengabe garatzeko gaitasuna direla eta, ez dagoela printzipioz "hasieran espero zen talde immunitatea lortzerik".

Intzidentzia bai, gainkargarik ez

Azken asteetako intzidentzia "izugarria" gorabehera, ospitaleetan ondo daudela azpimarratu du Zubiak, eta ZIUetan ez dutela neumonia uholde handirik izan. Hala, kasuen larritasun urriagoa dela eta, gainkarga ez da hain larria, baina immunitate arazoak dituztenak ospitaleratu behar izaten dituzte oraindik eta "heriotzek hor jarraitzen dute".

Datozen asteetara begira, berriz, kasuen areagotzea edo gutxienez tasa altuan mantentzea espero dute adituek. Edonola ere, lasaitasun mezua helarazi du: "badakigu ZIUek ez dutela gora egingo. Lehen gaixo larrientzat genituen oheak kinkan jartzen ziren; orain ez da hori gertatuko. Gerta liteke une jakin batean ospitaleak azkar betetzea, baina ZIUetako oheak ez". Beraz, "bestelako jarduera mantentzeko" arazoak egon daitezkeen arren, "egoera ez da hain dramatikoa, eta ez da espero hain dramatikoa izaterik".

Aurrekoetan egin bezala, arreta berezia gomendatu du adinekoekin eta immunitate arazoak dituzten pertsonekin. "Transmisio katea eten beharra dago eta denok hartu behar dugu parte zaurgarri horiek zainduko baditugu [...], merezi dute gure zaintza eta ahalegina".

Zenbait gako luzatu ditu kasu horietarako: ahalik eta gauza gehien kanpoaldean egiten saiatzea, aireztapena zaintzen jarraitzea eta zaurgarriek toki itxietan musukorik erabili behar izatekotan, FFP2 gisakoak erabiltzea. Neurri unibertsalen ezarpena "eztabaida luzea" dela dio, baina planteatu litezkeela ospitaleetan balizko estutze bat gertatzekotan. Hala ere, "berriro diot aurreko olatuetan baino egoera arinagoan gaudela".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Irratia euskaraz Osasun albisteak gaur Donostia Unibertsitate Ospitalea Koronabirusa olatu berria