Gizartea -
Epaiketa Iruiñean
Akusatuak esan du bere 'bizia babesteko' hil zuela Lavandera
Sergio Fernando R.S.k Asier Lavanderari 2010eko urtarrilean hainbat labankada sastatu izana onartu du. Fiskaltzak 14 urte eta 6 hilabeteko espetxe-zigorra eskatu du harentzat.
Erredakzioa
2010eko urtarrilean Asier Lavandera gazte donostiarrari hainbat labankada sartzea egotzi zaio Sergio Fernando R.S.ri eta honek bere bizitza defendatzeko egin zuela hori esan du, astelehen honetan, Iruñean hasitako epaiketan. Fiskaltzak 14 urte eta 6 hilabeteko espetxe-zigorra eskatu du harentzat.
Akusazio partikularrak hilketa delitua ezartzea eskatu du eta fiskaltzak gizahilketa dela adierazi du. Gertakizunak Lekunberriko diskoteka batetik irtetean izan ziren, Lavanderak hainbat labankada jaso zituen eta ordu batzuk geroago hil egin zen.
Sergio Fernando R.S. "Portuk" adierazi duenez, atxilotua izan ostean egin bezala, labankadak berak sartu zituen. Gaur "gaizki-ulertutzat" jo du guztia, eta ez zuela hala amaitu behar gaineratu du.
Akusatuak esan du 2010eko urtarrilaren 16an edari batzuk hartu eta Iruñeko tabernetara joan ostean, beste hiru lagunekin Lekunberriko Mao Mao diskotekara joan zela, eta bertan edaten jarraitu zuela, "inolako liskarrik gabe", lokala ixtear zirenean, istilu batean sartuta ikusi arte.
Azaldu duenez, kalean beste pertsona batekin hizketan hasi zen, "inolako arrazoirik gabe" bizkarretik eraso egin zion biktimak eta kolpeak eman zizkion buruan. Orduan, akusatuak ingurura begiratu eta hainbat pertsona botilekin eta makilekin elkar joka ikusi zituen.
"Hildako pertsonari ea zer pasatzen zen galdetu nion, ea ergela zen, baina berriro ere jauzi egin zitzaidan", esan du "Portu"k. Une horretan labana atera zuen, hari "beldurtzeko" asmoz, baina bere helburua lortzen ez zuela ikusita, ondorengo hau pentsatu zuen: "Nire amak negar egin baino lehen, ezin duela negar egin, bereak egin dezala".
Lavanderaren familia, espetxe-zigor luze baten aldeManuel Lavandera 2010eko urtarrilean hildako gaztearen aitak une oso gogorrak bizitzen ari dela onartu du, akusatuak bere semea hil duela esan ostean. Asier ezin berreskura daitekeela nabarmendu du, eta akusatua kartzelan denbora asko egotea gizartearentzat onuragarria izango litzatekeela gaineratu du.
Nafarroako Auzitegian kazetariei egindako adierazpenetan, akusatuaren adierazpenak entzun ostean, akusatua harro eta damurik gabe antzematea deitoratu du Lavanderak.