Gizartea -
historia
Nafarroako errege-erreginak omendu dituzte Leireko monasterioan
Maria Chivite Foru Erkidegoko presidentea izan du buru igande honetan ospatutako ekitaldiak, foru erakundeetako beste hainbat ordezkarirekin batera.
agentziak | eitb media
Antzinako Nafarroako Erresumako errege-erreginak omendu dituzte igande honetan Leireko San Salvador monasterioan. Maria Chivite Foru Erkidegoko presidentea izan du buru zeremoniak, foru erakundeetako beste hainbat ordezkarirekin batera.
Hala, orduko Foru Aldundiak 1973an hasitako tradizioarekin jarraitu du Nafarroak. Iaz berreskuratu zuten, oraingo legegintzaldiaren aldaketak eta pandemiak bi urtez eten ostean. Nafarroako Erresumaren aitzindari izandako Iruñeko Erresumako lehen monarken gorpuzkiak daude monasterioan.
Ekitaldi zibilari hasiera emateko, segizioak ibilbidea egin du monasterioaren esparrutik, atezainak buru zituela (lore-koroa eta eskaintzarako objektuak zeramatzaten), ondoren mazolariak eta armen erregea, autoritateek jarraituta. Segizioak aurrera egin bitartean, Gobernuko Tronpeta eta Tinbalen Bandak Nafarroako Ereserkia jo du, Erreinuan sartzeko Martxa.
Tenpluaren barnean, Juan Manuel Apesteguia monasterioko abade mitradunak agurra egin die autoritateei, eta lekua hartu dute panteoi errealaren aurrean. Bertan, Eloisa Ramirez historialariak idatzitako testu bat irakurri dute, Leirek Nafarroako historian duen sinbolismoa azaltzen duena, eta errege-erreginak omentzeko tradizioari buruzko beste bat.
Jarraian, foru erakundeek lore-eskaintza egin diete errege-erreginei, eta Agur Jaunak abestiarekin burutu da ekitaldia.
Ekitaldia amaitu ostean, segizioak ibilbidea jarraitu du Ostatuko patioraino, eta Virgen del Puy eta San Andres de Estella-Lizarra dantza-taldeek ikuskizuna egin dute, Merindadearen adierazgarri diren tradiziozko dantzekin.