Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

22 urteko nafar bat adingabe bati sexu abusuak egiteaz absolbitu dute, "heldutasun parekoa izateagatik"

Nafarroako Auzitegiak 8 urteko espetxealdia ezarri zion gizonezkoari, 15 urteko gazteari egindako sexu-abusua egotzita. Auzitegi Gorenak zigorra baliogabetu du, akusatuaren eta adingabearen "heldutasun maila oso parekoa" zelakoan.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

15 urteko gazte bati egindako sexu-abusuengatik 22 urteko gizonezko bat absolbitu du Auzitegi Gorenak, akusatuaren eta adingabearen "heldutasun maila oso parekoa" zelakoan. Nafarroako Auzitegiak 8 urteko espetxealdia ezarri zion gizonezkoari, 15 urteko gazteari egindako sexu-abusua egotzita. Epaituak jarritako kasazio helegitea aintzat hartu du orain Auzitegi Gorenak, eta epai-zigorra baliogabetu du.

Jazoerak 2015eko uztailaren 15ean gertatu ziren. Lagun baten alabarekin topatu zen gizonezkoa kalean eta, kotxean paseo bat eman ostean, etxera joan ziren eta harreman sexualak izan zituzten. Egun hartan bertan 15 urteko adingabeak jazotakoa kontatu zien mutil-lagunari eta bere amari. Larrialdi Zerbitzuetara joan ziren eta salaketa jarri zuten.

Sexu-harremanean intimidazioa eta indarkeria egon izana baztertu zuten epaiketan. Hori dela eta, biktimaren adinean zetzan gakoa. Kasazio helegitean akusatuak esan zuenez, ez zekien neskatoa adingabe zenik, eta 19 urte zituela jakinarazi ziola. Arrazoi hori errefusatu du Gorenak esanez akusatuak ondo zekiela gaztearen adina. 2015an izandako Zigor Kodearen erreforma baten ondorioz, sexu-harremanetan baiezkoa emateko adina 13tik 16 urtera igo zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Nafarroa Delituak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa