Gizartea -
Bilboko Aste Nagusia
Bulego, ETS, Mikel Urdangarin, El Drogas, Ana Mena eta Dani Fernandez ariko dira Bilboko Aste Nagusian
Abandoibarrako eta Europa Parkeko eszenatokietara, 23:30ean eta 00:00etan hurrenez hurren, igoko diren lehen taldeak eta artistak iragarri ditu Bilboko Udalak.
EITB Media
Bilbo motorrak berotzen hasi da Aste Nagusia 2022rako, eta, prestaketa lanetan buru-belarri murgilduta, jarduera eta kontzertuen agenda osatzen hasi da.
Bilboko Udalak Abandoibarran eta Europa Parkean joko duten lehen talde eta artistak baieztatu ditu.
Mikel Urdangarinek eta Bilbao Orkestra Sinfonikoak emango diote hasiera kontzertuen programari, abuztuaren 20an, Abandoibarran, 23:30etik aurrera, "100/25 BOS-Mikel Urdangarin" proiektuarekin. Urdangarinen dozenatik gora kantu esanguratsu orkestrara egokitu dituzte emanaldi honetarako.
Astelehenean, abuztuaren 22an, rockaren klasiko baten txanda izango da ordu eta leku berean: El Drogas. 80ko hamarkadan sortu zuen Barricada taldearen 40. urteurrena ospatzeko, musikariak talde nafarraren abestiz osatutako errepertorioa joko du.
Asteazkenean, hilak 24, 00:00etatik aurrera, Europa Parkeko kontzertuak irekitzeaz arduratuko dena, pop-hiritarraren promesa handienetako bat izango da, Ana Mena artista. Pop-soularen eta dance-poparen arteko fusioarekin gozatuko ditu entzuleen belarriak.
Ostegun gauean, abuztuaren 25ean, Abandoibarrako agertokira igoko dira Azkoitiko Bulego taldeko bost kideak, euren pop bizi eta argitsuarekin, bertaratzen den guztia dantzan jartzeko asmoz. Taldearen energia musikalak, entzuleak harritzeko grina nekaezinaz gain, euskal musikaren esparruan promesa berrietako bat bihurtzen ditu.
Ostiraleko gauean, hilak 26, batetik, Auryn boybandeko kide izan zen Dani Fernandez ariko da, bere ahots urratuaz Abandoibarran 23:30ean; eta, bestetik, En Tol Sarmiento (ETS) Europa Parkean ariko dira 00:00etan. Boskote errioxar-arabarrak ikusleak mugiaraziko ditu bere ska abesti dantzari eta dibertigarriarekin.
100 emanaldi baino gehiago doan
Bilboko Udala doako 100 musika-jarduera baino gehiago prestatzen ari da bere programan gustu eta publiko guztientzat hiriko zortzi agertokitan. Gaurkotasun handiko taldeak egongo dira, baina musika klasikoa eta bilbainada tipikoak ere ez dira faltako.
Jarduera guztiak doakoak izango dira eta musika estilo bakoitzak, urtero bezala, bere lekua eta kokapena izango ditu.
Baieztatutako kontzertuak:
Abandoibarra. 23:30ean
Larunbata 20: Mikel Urdangarin + Bilboko Orkestra Sinfonikoa (BOS)Astelehena 22: El DrogasOsteguna 25: BulegoOstirala 26: Dani Fernandez
Europa parkea 00:00etan
Asteazkena 24: Ana MenaOstirala 26: En Tol Sarmiento (ETS)