Gizartea -

osasuna

Kongresuak kalamuaren erabilera medizinala onetsi du

Neurria, oraindik Osasun Batzordeak onartu behar badu ere, sei hilabete barru indarrean egotea espero dute. Min onkologikoko eta endometriosiko kasuetan erabiltzea aurreikusi da batez ere.

Emakume bat cannabis plantazio batean lanean. Argazkia: Terre di Cannabis
Emakume bat cannabis plantazio batean lanean
Emakume bat cannabis plantazio batean lanean. Argazkia: Terre di Cannabis

Agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kongresuko kalamu medizinalari buruzko azpibatzordeak kalamuaren erabilera medizinala onartu du, "soilik osasun profesionalen preskripziopean", eta ospitaletako botikei lehentasuna emango badiete ere, kaleko botiketan ere eman ahal izatea aztertuko dute.

Hala dago jasota azpibatzordeak onartu berri duen Ondorio eta Aholkuen Proposamenaren behin betiko txostenean, Efek zabaldu duenez. Txostenak PSOE, Unidas Podemos, Ciudadanos, EAJ eta PDeCAT taldeen babesa jaso du; ERC eta EH Bildu abstenitu egin dira, eta PPk zein Voxek aurka bozkatu dute.

Edonola ere, proposamena Osasun Batzordean bozkatu beharko dute datorren astean -seguruenik 27an- eta, hortik aurrera, Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziak, EAJk eskatu bezala, "sei hilabeteko epean", beharrezko lanak egingo ditu "gaur egungo araudiarekin bat etortzeko moduan egon dadin, eta bideragarria izateko, kalamuarekin egindako sendagaiak farmazia-merkatuan eskura egon ahal izateko". 

Negoziazio luzeren ostean, txostenak kalamuaren erabilera medizinala min onkologikoko eta endometriosiko kasuetan erabiltzea proposatu du. Horrez gain, min ez onkologikoan -neuropatikoan-, esklerosi anitza duten gaixoen kasuan, kimioterapiak eragindako epilepsia kasu batzuetan, eta goragale edo okada kasuetan ere erabiltzea aurreikusi dute. Gainera, erabilera "beste kasu terapeutiko batzuetan ere" zabaltzeko aukera egongo da, "ikerketek zantzu sendoak dituztenean".

Era berean, farmazia komunitarioetan ere eman ahal izateko aukera zabaldu dute, UPk, Cs-k eta EAJk eskatu bezala: "kalamuaren estraktuekin edo estandarizatutako nahasketaren formulak osasun farmazia sistemaren sarean ematea behar dira, ospitaletako farmazietan lehentasunez, eta baldintzak betetzen dituzten farmazia komunitarioetan emateko aukera aztertuta", dio dokumentuak.

Gainera, "EBko beste herrialde batzuetan eskura dauden nahasketak" aintzat hartzeko aukera aurreikusi dute, proiektu esperimentalak egiteko, "hala eskatzen dutenean".

Edozein kasutan, "preskripzioa osasun langileek baino ezin dute egin". Ez, ordea, soilik kalamu medizinala gomendatuko den espezialitateetako langileek, PSOEk hasieran eskatu bezala. "Medikuntzako profesionalen artean kalamuaren erabilera medizinalean formakuntza sustatu behar da".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak