Gizartea -
suteak Nafarroan
Azken hamarkadetako suterik larrienak kalte materialak, ehunka hektarea kiskalita, eta atsekabea utzi ditu
Oraindik ezin dira neurtu asteburuan pizutako suteek eragindako kalteak. Hainbat udalerrik hustuta jarraitzen dute eta larrialdietako dozenaka kide lanean ari dira. Herritarrak, hondamendiaren lekuko, ikusitakoa sinistu ezinik daude.
I.G. | eitb media
Aurreikuspenik ezkorrenek ere ezin zuten igarri aurreko ostiralean, Tafallako eta Leireko mendizerran piztutako suteak kontrolpean edukitzea lortu zutenean, asteburuan etortzekoa zena: Nafarroan azken hamarkadetan izan diren suterik larrienak.
1.000 pertsona inguru atera dituzte euren etxeetatik, hogei udalerritik gora hustu dituzte guztira (une honetan, 13 bat), milaka hektarea kiskali dira, zenbait errepide itxita daude, eta hainbat eta hainbat eragozpen izan dira. Datozen egunotan, Nafarroako Gobernuak suak kaltetutako eremua neurtu eta kalteak zenbatzeari ekingo dio.
Larunbatean, Olleta eta Tafallako suteak kontrolpean zeudela, indarra hartu zuten berriz ere haizeak, airearen lehortasunak eta Foru Erkidegoa hartu zuten 40 ºC inguruko tenperaturek eraginda.
Legardako sutea lau haizetara zabaldu zen; Sendaviva, Argedas, eta, oro har, Bardeetan beste sute batzuk piztu ziren, baita Berriozar, Artazu, Los Arcos, Ezkaba, Obanos, Etxarri, Gares, Baldorba, Valtierra, Girgillao, eta beste hainbat tokitan ere.
Valtierrako enpresa bi, Girgillaoko abeltegi bat, Beraskoaingo beste bat, Sendavivako zenbait instalazio, eta laborantzarako hainbat hektarea dira dagoeneko baieztatu dituzten kalteetako batzuk. Zorionez, kea arnastuta toxikatu den pertsona bakanen bat kenduta, ez da zauriturik izan Nafarroan azken 40 urteetan izandako suterik lazgarrienean.
Atzo aktibo zeuden bost fokuetatik, hiru egonkortzea lortu dute, zehatzago, Arguedasen, Los Arcosen eta Ezkaba mendian piztutakoak. Hortaz, bi dira aktibo dauden su-guneak: El Perdon eta Galipentzu. Hala azaldu du gaur goizean Javier Remirezek, Nafarroako lehen presidenteordeak, egindako prentsaurreko batean.
Nafarroako zerbitzuez gain, Euskadiko 50 bat suhiltzaile inguru eta Errioxako larrialdietako zerbitzuetako hamar bat ere batu dira lanetara, Gaztela Leongokoekin, eta UMEko ehundik gora militarrekin batera.
Zehazki, suteak itzaltzeko lanetan, Nafarroako Gobernuko 650 suhiltzaile eta basozain inguru ari dira lanean. Horiei beste autonomia erkidego batzuetatik etorritakoak gehitu behar zaizkie. Bestalde, airetik ere lanean ari dira Espainiako Gobernuak bidalitako lau Foca hegazkin, behaketa lanetarako beste bat, eta 10 helikoptero.
Nafarroako Gobernuak Parlamentuko taldeetako bozeramaileak deitu ditu gaur arratsaldean egitekoa den bilerara Nafarroako Jauregian, sua itzaltzeko eta kontrolpean izateko lanei buruz informatzeko.
Eguraldiak lagundu gabe jarraituko du
EITB Mediako Meteorologia Zerbitzuak eta AEMET Espainiako Meteorologia Agentziak egindako iragarpenaren arabera, beroa izango da nagusi eta haizeak hegotik jotzen jarraituko du, hortaz, eguraldiak ez du larrialdietako zerbitzuen lana erraztuko.
Gainera, haizeak hegoaldetik eta hego-ekialdetik joko du bolada gogorrekin erkidegoaren hegoaldean eta erdialdean. Iluntzean, iparraldera aldatuko da.