Gizartea -
BIZKAIA
Preso batek bere buruaz beste egin du Bizkaiko espetxean
Eusko Jaurlaritzak espetxe eskumena bere gain hartu zuenetik gertatu den lehen heriotza da.
EITB MEDIA
Behin-behineko espetxealdian zegoen preso batek bere buruaz beste egin du Bizkaiko espetxean, Basaurin, Eusko Jaurlaritzak astearte honetan jakinarazi duenez.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak ohar baten bidez azaldu duenez, hildako presoa ostiraletik zegoen kartzelan eta suizidio arriskua neurtzeko proban negatibo eman zuen.
Atzo, 19:30ean afaldu zuen, eta, 20:10 aldera, medikazioa ematera joan zirenean, hilda aurkitu zuten.
Kasu hauetarako protokoloa abian jarri zuen Eusko Jaurlaritzak: Guardiako epaileari jakinarazi, familiari esan, gorpua altxatu, eta Espetxe Ikuskaritza jakinaren gainean jarri.
Bestalde, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak barne protokoloa abian jarri du suizidioaren nondik norakoak argitzeko.
Eusko Jaurlaritzak espetxe eskumena bere gain hartu zuenetik Euskal Autonomia Erkidegoan gertatu den lehen heriotza da.
Ana Agirre Justizia sailburuordea, Eugenio Artetxe Justizia zuzendaria eta Jaime Tapia espetxe gaietarako Eusko Jaurlaritzako aholkularia Basauriko espetxera joan dira gaur goizean.
Jaime Tapia Radio Euskadiko Ganbara saioan elkarrizketatu dute. Gertakariaren inguruko datu berririk ez dagoela argi utzi du. Ikerketa judiziala abian dagoela, eta barne txosten bat egingo dutela erantsi du. Gainera, hildako presoaren laginak Espainiako Toxikologia Institutura bidali dituztela esan du.
Tapiak presoaren heriotza deitoratu du, eta "askotan, aurretik jakiterik" ez dagoela onartu du. Espetxearen protokoloak suizidio arriskurik antzeman ez zuela gaineratu du espetxe gaietarako aholkulariak.
Azaldu duenez, espetxeratzean, mediku batek eta talde teknikoko kide batek presoari bisita egiten diote, eta "galdera zehatzak" egiten dizkiote, erregimen berezi bat aplikatzeko beharra dagoen erabakitzeko. Normalean, beste preso baten laguntza eskaintzen diote, baina zaindarien arreta handiagoa behar izatea ere gerta daiteke.