Gizartea -
eguraldia
Beroa eta ezegonkortasuna nagusi, asteburu honetan
Tenperatura maximoak altuak izango dira oro har, baina hodeiak lagun izango ditugu asteburu osoan, eta amaierarako trumoi-ekaitzak ere utz ditzakete.
i.l.k. | eitb media
Asteburu honetan, uda hurbilago sentituko dugu Euskal Herri osoan, barnealdean batik bat, giroa bero mantenduko baita tenperatura altuenetan. Hala ere, hodeiak eta trumoi-ekaitzak espero dira han-hemenka, eta egun ezegonkorrak izan daitezke.
Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, ostiralean baino hodei gehiago espero dira larunbaterako, ipar partean batez ere, eta arratsaldean ezegonkortasuna areagotuz joango da. Kantauri isurialdean haizea ipar-mendebaldetik ibiliko da, eta zerua lainotuta agertuko da behe-hodeiekin. Goizean goiz zirimiria ere egin dezake han-hemenka, baina gainerako lekuetan behe-laino batzuekin argituko du egunak.
Eguerdi partean, ordea, ostarteak gailenduko dira orokorrean, hegoaldean batik bat, eta tenperatura maximoak 25-30 ºC-ren artean kokatuko dira; kostaldean ez dira 25 ºC-ra iritsiko. Arratsaldeak aurrera egin ahala, giroa ezegonkortuko da eta baliteke trumoi-ekaitzak jotzea, batez ere gauean. Zenbait lekutan zaparrada mardulak bota ditzake, haize-bolada gogorrekin.
Igandean, giro ezegonkorrarekin jarraituko dugu. Goizaldean han-hemenka trumoi-ekaitzak jo dezake. Goizak aurrera egin ahala, ordea, ostarteak irekitzen joango dira eta arratsaldeko lehen orduak nahiko argiak izango dira. Baliteke tenperatura maximoak larunbatean baino zertxobait gehiago igotzea, eta barnealdeko leku askotan 30 ºC-ra gerturatuko dira beroenak.
Alabaina, arratsaldeak aurrera egin ahala, berriro ere giroa ezegonkortu, eta zenbait lekutan ekaitzak gogor jo dezake.
Uneoro, eguraldiari buruzko informazio gaurkotua kontsulta dezakezu eitb.eus-en, edo zure argazkiak bidali.