Gizartea -

Epaiketa

Rangelen senargaia: 'Kontzientzia galdu nuen hilketan'

Auzipetuak Gipuzkoako Auzitegian deklaratu du asteartean. Defentsek 35 urteko kartzela zigorra eskatu dute ustezko hiltzailearentzat.

Clara Rangelen epaiketa. EFE.
Clara Rangelen epaiketa. EFE.
Clara Rangelen bikotekideak oso edanda zegoela argudiatu du

01:35

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Orain dela hiru urte, Errenterian, Clara Rangel hiltzeagatik epaitua izaten ari den gizonak hilketa gauzatzeko labana hartu izana gogoratzen duela esan du, baina ondoren gertatu zena ez duela gogoratzen gaineratu du; izan ere, alkohola eta kokaina asko hartu ostean "kontzientzia" galdu zuela aitortu du.

Auzipetuak (Venezuelakoa, biktima bezala) Gipuzkoako Auzitegian deklaratu du gaur. Defentsek 35 urteko kartzela zigorra eskatu dute ustezko hiltzailearentzat.

Halaber, gaur auzipetuaren anaiak eta biktimaren seme nagusiak deklaratu dute. Biak zauritu ziren hilketa saihesten saiatu zirenean.

32 urteko auzipetuaren hitzetan, "egin zuena barrutik hiltzen ari da" eta horregatik "zigor bikoitza" dauka; "gizarteak inposatutakoa" eta bere buruarekin daukana. Hilketa 2008ko abenduaren 29an gertatu zen.

Auzipetuak azaldu duenez, Clara Rangelekin zuen harremana "oso normala izan zen hasieran", baina ondoren "komunikazioa eta bizikidetza hondatzen joan zen".

Hil aurreko hiru hilabeteetan "dena trabatu" zela esan du; Clara "oso hotz" zegoela eta" jeloskor jarri" zela adierazi du; bere sakeleko telefonoa kontrolatzen hasi zela gaineratu du; izan ere, beste gizonen batekin harremanak zituela uste baitzuen. Gainera, alkohola eta kokainaren kontsumoagatik "senetik aterata" zegoela esan du. Kokaina, 2003an, ama hil zenean kontsumitzen hasi zela esan du.

Hala ere, tratu txarrak inoiz ez zizkiola eman esan du; baina adierazpen hori ez dator bat biktimaren semeak (aurreko harreman batean izandako semea) esandakoarekin. Semearen arabera, amak esan zion zauri bat egin ziola behin eraso egiten saiatu zenean.

Auzipetuaren esanetan, ez zekien Clara haurdun (bost edo sei asteko haurdunaldia) zegoela, eta bere "senean" egon balitz ez zukeela hil izan esan du, bera "bere bizitza" baitzen.

"Bera barik bizitza amaitu egiten zela sentitzen nuen. Ez dakit zer gertatu zen, buruak jokaldi makurra egin zidan", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea