Gizartea -
M-15 mugimendua
EAEko gazteen % 14k M15eko mobilizazioren batean parte hartu dute
Horietakoren batean parte hartu duten gazte gehienak goi-mailako ikasketadunak, politika-gaietan interesatuak, parte-hartzaileak eta gizarte-eredua aldatu nahi dutenak dira.
Erredakzioa
M15eko mobilizazioak hasi zirenetik urtebete igaro eta gero, EAEko gazteek 2011ko maiatzaren mobilizazioetan izan zuten partaidetzaren inguruko datu berri batzuk aurkeztu ditu Gazteen Euskal Behatokiak.
2012ko martxoan EAEko 15 eta 29 urte bitarteko 1.500 gazteri egindako inkestaren datuak argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak. EAEn, M15eko mobilizazioetan zenbat gaztek parte hartu duten jakitea eta euren profila eta ezaugarriak ezagutzea izan da ikerketa honen helburua.
Inkestaren datuen arabera, 15 eta 29 urte bitarteko gazteen erdiek (% 50) oso edo nahiko gogoko dituzte M-15en mobilizazioak; % 38k ez dituzte oso gogoko edo batere gogoko; eta gainerakoek (% 12) ez dute iritzirik adierazi horri buruz.
M-15en mobilizazioei begikotasun handiena Arabako gazteek diete (% 57k oso begiko edo nahiko begiko dituzte), lanean daudenek (% 58), goi-mailako ikasketak dituztenek (% 60), politikan interes handia edo nahikoa dutela adierazten dutenek (% 69) eta euren burua ideologikoki ezkertiartzat dutenek (% 63).
Parte-hartzeari dagokionez, EAEko gazteen % 14k M-15en mobilizazioren batean parte hartu dutela esan dute.