Gizartea -
M15 urteurrena
Sol hustu eta 18 sumindu atxilotu ditu Poliziak
Poliziak Puerta del Sol hustu du baimendutako kontzentrazioaren ostean gelditu den sumindu talde bat gelditzen zenean.
Erredakzioa
18 lagun atxilotu dituzte Madrileko Puerta del Solen Poliziak goizaldeko 05:00etan plaza hustu duenean.
Ez da istilurik egon Espainiako hirietan deituriko kontzentrazioetan, hala ere, Madrilen, Poliziak plaza hustu duenean, lau polizia arin zauritu dira.
Plazara joateko sarbide guztiak kontrolatu ditu Poliziak eta bertara sartu nahi zutenei identifikazioa eskatu diete. Gainera, batzuei isunak jarri dizkiete eta horietako batzuk atxilotu egin dituzte.
Madrileko Gobernuaren ordezkaritzak baimendutako manifestazioen osteansuminduen talde bat gelditu da eta Poliziak aterarazi egin die.
200 lagun inguru gelditu dira Puerta del Solen eta azkenik, 05:00etan, Poliziaren 30 furgoneta inguru iritsi dira eta plaza hustu egin dute.
Polizia Nazionalak berretsi du ez dela kanpaldirik egon Espainiako hirietan.
Suminduek, hala ere, arratsaldean bueltatzeko deialdia egin dute sare sozialen bitartez.
Milaka lagun atera dira kalera urteurrena ospatzera
Bartzelonan jende andana bildu da. Antolatzaileen arabera, 22.000 'sumindu' inguru bildu dira bertan. Generalitatek zabaldu duenez, jai giroa izan da nagusi eta ez da Polizia agente anitz izan.
Bilbon, "Ekin dezagun!" lelopean 2.000 'sumindu' inguru bildu dira. Aparteko gertaerarik izan ez dituen martxa amaitu ostean, protesta deitu dituztenek agiri bat irakurri dute eta bertan "ekonomia jasangarriaren eta lan duinaren" alde egin dute.