Gizartea -

Osasuna

Osasun Mentaleko Estrategia berria "ahalik eta lasterren" garatzeko eskatu dio Legebiltzarrak Jaurlaritzari

EH Bildu, EAJ eta PSE-EE alderdiek proposamena adostu dute estrategia horrek "eredu komunitarioa garatzen eta indartzen" jarrai dezan. Eztabaida berean, Elkarrekin Podemos-IUren lege proposamen bat baztertu dute, buruko osasunaren lege bat sortzearen ingurukoa.

Legebiltzarra, artxiboko argazki batean. EFE
Legebiltzarra, artxiboko argazki batean.
Legebiltzarra, artxiboko argazki batean. EFE

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Buru osasuna ardatz hartuta, EH Bilduk Eusko Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiekin (EAJ eta PSE-EE) adostutako erdibideko zuzenketa bat onartu du gaur Eusko Legebiltzarrak. Horren bidez, "ahalik eta lasterren" Euskadiko Osasun Mentalaren Estrategia berria diseina dezan eskatu diote Jaurlaritzari. Adostutakoaren arabera, "profesionalen, gizarte eragileen eta erabiltzaileen ekarpenak jaso eta baloratzera irekia" egongo da estrategia, eta "eredu komunitarioa garatzen eta indartzen" jarraituko du, hots, besteak beste, "pertsona horien autonomia, arreta integrala edo genero ikuspegia" kontuan hartuta.

Proposamenak, hiru taldeen babesa ez ezik, PP+Cs koalizioarena ere izan du (Elkarrekin Podemos-IUk abstentziora jo du). Eztabaida berean, gai beraren inguruan koalizio moreak aurkeztutako lege proposamen bat baztertu du Ganberak. Buruko osasunari zuzendutako lege bat garatzea eskatzen zuen EP-IUk, baina EH Bilduren babesa baino ez du jaso.

Koalizio subiranistak eraman du Legebiltzarrera buruko osasunari aurre egiteko estrategiaren eztabaida. Azkenean, baina, Jaurlaritzako taldeekin adostutako erdibideko zuzenketa bat onartu dute. Zuzenketaren defentsan Maria Garde EH Bilduko legebiltzarkideak azpimarratu duenez, "paradigma aldaketa baten atarian dago osasun mentala", eta "osasun mental barik ez dago osasunik", erantsi du. Horren ustez, estrategia tresna "ona" izango da bide horretan eta lortutako akordioak "lurzoru bat emango" diola gaiari heltzeko orduan.

Ildo beretik mintzatu dira Ekain Rico (PSE-EE) eta Jon Aiarza (EAJ), estrategia garatzearen garrantzia azpimarratuta. Aiarzaren aburuz, "Osasun Mentalerako Estrategia da bide egokia, gaia seriotasunez eta zorroztasunez landu behar delako, lerroburu deigarrietatik ihesi". Ricok gogorarazi duenez, " sozialistok maxima bat dugu: ez dago osasunik osasun mental barik", eta jarrera hori defendatzen dutela beti, "gobernuan egon ala ez egon".

Kritikoago agertu da Jon Hernandez Elkarrekin Podemos-IUren kidea. Horren hitzetan, koalizioa ados dago zuzenketaren helburuetan, baina ez du "berrikuntzarik" ikusi Gotzone Sagardui Osasun sailburuak iragarritako estrategiaren aldean. Hori horrela, abstentziora joko dutela iragarri du, "batez ere falta diren elementuengatik, batez ere baliabideen gaiagatik".

Laura Garrido PP+Cs koalizioko kidearen ustez,  "komenigarria da estrategia onartzea eta martxan jartzea lehenbailehen", pandemiak eragindako kasuen gorakada kontuan hartuta batez ere. Dena dela, eskatu du urtero estrategiaren balorazioa egiteko eta baliabide gehiago behar direla azpimarratu du.

Buruko osasunaren inguruko legea sortzeko proposamena, errefusatuta

Aurrez, Elkarrekin Podemos-IUk izapidetzea eskatzen zuen lege bat baztertu du Legebiltzarrak. Proposamenean, osasun mentalari bideratutako giza baliabideak eta aurrekontuak handitzea eskatzen zuen koalizioak, arreta unibertsal eta kalitatezkoa eskaintzeko.

Proposamenen artean, urtero horretara BPGaren % 1 bideratzea eta Lehen Arreta psikologo klinikoaren figura eta Hezkuntzako psikologoarena sortzea zeuden.

Hura defendatzean, Jon Hernandez legebiltzarkideak gaixotasuna txikitatik atzemateko "disziplina anitzeko arreta" galdegin du, ez bakarrik osasun arlokoa, betiere arlo publikotik.

Gainerako taldeek osasun mentalerako lege bat eratzea beharrezkoa ez dela iritzi diote, eta estrategiaren aldeko hautua berretsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Alderdi politikoak Gizartea EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Osasun albisteak Umeak Vox Koronabirusa Gazteak