Gizartea -
Koronabirusa
Justiziak EAEko ostalaritzaren alde egin du 2020an inposatutako neurriengatik
Administrazioarekiko Auzietako Salak Euskadin ostalaritza lokalak mugatzen zituen disposizioak baliogabetu ditu, eta kostuak ordaintzera behartu du Jaurlaritza. Zupiriak esan du ebazpena aztertuko dutela hurrengo pausoa erabaki baino lehen.
I.G. | eitb media
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak euskal ostalarien alde egin eta 2020ko Dekretuan jasotako neurriak bertan behera utzi ditu, prozesu osoko kostuak Jaurlaritzari ordaintzeko betebeharra ezarrita.
Horrela, Bizkaia Ostalaritzako Elkarteak, Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak eta SEAk 2020ko abenduaren 10eko 44/20 Dekretuak lokalak zabaltzeko arauen aurka jarritako errekurtsoa aintzat hartu du Justiziak.
Dekretuak ostalaritza lokaletako irekiera mugatu egin zuen, horretarako, 100.000 biztanleko intzidentzia tasak 500etik beherakoa izan behar zuen, 5.000 biztanlerik gorako udalerrietan, ireki ahal izateko. 5.000tik beherakoetan, ordea, Osasun Sailak "bidezko neurriak" hartzeko aukera zuen, establezimenduak ixteko, bertoko egoera aztertu eta gero.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak, Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan, oraindik epaiaren berri ez zuenean, epaia berandu heldu dela esan du: "Urte eta erdi pasatu da, eta denbora asko kostatu zaio Justizia agintaritzari 2020an hartutako erabakien inguruko erabakiak hartzea".
Zupiriak gogorarazi du Exekutiboak zailtasunak izan zituela pandemia garaian "neurri batzuk finkatzeko", eta Auzitegi Nagusiak auzitan jarritako zenbait neurriren gaineko irakurketa juridikoa ezagutzea faltan bota zuela. "Behin baino gehiagotan esan nuen ez zela erraza berehalako neurriak eskatzen zituen egoera horretan, ez ezagutzea epaileen irakurketa juridikoa", esan du.
Gauzak horrela, Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoek helegitea aurkezteko egokitasuna aztertuko dute.