Gizartea -

Bat-bateko heriotza

Osakidetzak azterketa kardiologikoak egingo ditu bat-bateko heriotzaren arrisku-faktoreak detektatzeko

Osakidetzak eta Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundeak hitzarmen bat sinatu dute bat-bateko heriotzagatik hildakoen senideei azterketa kardiologiko eta genetikoak eskaintzeko.

Desfibriladorea. EITB.
Desfibriladorea. EITB.
Desfibriladorea. EITB.

O. P. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzak azterketa kardiologiko osoa egingo die bat-bateko heriotzagatik hildakoen senideei, hala nahi badute. Osakidetzak eta Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundeak sinatutako hitzarmenari esker egingo da eta akordio horren bidez, bat-bateko heriotza jasateko arrisku-faktoreak zehazten lagundu nahi da.

Izan ere, bat-bateko heriotza lehen mailako osasun-arazoa da, batez ere bihotzeko gaitzekin lotuta dagoena. Kalkulatzen da heriotza naturalaren ondoriozko heriotzen % 12 bat-batean gertatzen direla, gehienak (% 80) bihotzeko arazoengatik, batez ere 35 urtetik gorakoetan. Adin txikikoen eta gazteen artean, bat-bateko heriotzaren intzidentzia 1-3 kasukoa da urtean 100.000 biztanleko.

Bat-batekoa heriotza naturalaren tipologia bat da, eta denboran nahiz moduan ustekabekoa; sintomen hasieraren eta heriotzaren artea ordubeteko denbora-muga izan ohi du. Bat-bateko heriotza jotzen dira ere, inork ikusi gabeko heriotzak edo lotan zeudela gertatuak, baldin eta norbaitek pertsona horiek hil aurreko orduetan osasun-egoera onean ikusiak direnean. Bihotz-biriketako geldialdiak eta horiek suspertu ostean garuneko heriotzarantz eboluzionatzen dutenak ere kontsideratzen dira bat-bateko heriotza.

Osasun-arazo horri aurre egiteko eta prebentzioan lan egiteko asmoz, bi erakundeen arteko akordio honek azterlan kardiologiko osoa egitea eskaintzen die bat-batean hil diren pertsonen senideei, hala nahi badute. Azterketa horri gehituko litzaioke, kardiologoen irizpidearen edo bat-bateko heriotza eragin duen bihotzeko patologiari buruzko hasierako susmo klinikoaren arabera, beste proba batzuk egiteko aukera ere, hala nola Holterra, erresonantzia magnetikoa edo esfortzu proba. 

Gainera, adituek dioten bezala, bihotzeko gaitz horien ehuneko handi batek oinarri genetikoa duela kontuan hartuta, akordioak prebentzioan jartzen du azpimarra, eta hiru belaunalditara arteko ·familia-zuhaitz zehatz"  bat egitea eskaintzen du.

Dokumentuan jasotzen den bezala, "ohiko azterketa nekropsikoekin edo autopsiekin diagnostikatu ezin diren gaixotasunak dira", hori dela eta lehen mailako senitartekoei eginiko kateko azterlan horrek eta proba egiten duenaren genetikak aukera eman lezakete heriotza kausa identifikatzeko".

Zuzeneko senideen azterketa genetikoak aukera emango luke, halaber, "tratamendu eta gomendio egokiekin esku hartzeko ondorio ugari identifikatzeko, eta etorkizunean gertaera kardiobaskular berriak saihesteko".

Dokumentuak berariaz aholkatzen du familiak "Osakidetzako Familia Kardiopatien Unitate Klinikoetara bideratu beharko" liratekeela, eta "hautatutako kasuetan, analisi genetiko bat ere jaso beharko lukeela familia-azterlanak".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Medikuak